Kepa Junkera trikitikilaria senideek lagunduta azaldu zen atzo iluntzean Bilboko BBK aretora, Berpiztu dokumentalaren aurkezpenera. Fermin Aiok zuzendu duen filmak Bilboko musikariaren bizitza eta ibilbidea jasotzen ditu, eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten aurrenekoz. Atzoko emanaldia, ordea, berezia zen, trikitilariaren jaioterri eta bizilekuan baitzen, eta Junkera bera agertzeak bereziagoa egin zuen.
BBK aretoa gainezka zegoen, eta Junkera iritsi zenean hamarnaka lagun zituen kanpoan, ongietorria egiteko. Ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu zuen.
Junkerak iktus bat izan zuen 2018an, Ganten (Belgika) zegoela. Hain zuzen ere, Berpiztu dokumentalak gertakari horren aurrekoak eta ondorengoak kontatzen ditu, eta, haren testigantzak ez ezik, beste hainbat musikari, lagun eta seniderenak ere jasotzen ditu. «Haren sormen gaitasuna islatzea lortu dugu», azaldu zuen atzo bertan Aiok, dokumentalaren aurkezpenean. «Haren buruaren barruan egongo bagina bezala izan da. Kontatu dugu 30tik gora diskoren atzean zer lan egon den, eta [Junkerak] zer gaitasun izan duen jendea endredatzeko eta jende horrek bere onena emateko».
2020an Donostiako Udalaren Adarra saria ere jaso zuen Junkerak, baina orduko hartan ezin izan zen sari emateko ekitaldirik egin. Joan den irailean egin zuten azkenean.