Seaskak protestara deitu du, beste behin, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Azaroaren 14an giza katea eginen dute Bordelen (Okzitania) ikasle, guraso eta irakasleek, eta euskaltzale orori mobilizazioan parte hartzeko deia egin diote. Bordeleko errektoretza eta Giza Eskubideen plaza lotuko dituzte 12:00etatik 13:00era. «Hizkuntza eskubideak giza eskubideak dira», adierazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.
Ez da ausaz hautatutako data azaroaren 14a. Baxoan izena emateko azken eguna baita. «Ezinbestekoa zaigu azterketaren modalitateak zein izanen diren jakitea», esplikatu du Jorajuriak, ikasleen prestakuntzan duen eraginaz ohartarazita.
EEP Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzaren aitzinean agerraldi jendetsua egin dute, hura baita euskararen aldeko hizkuntza politika publikoaren ardura duen egitura. Irailean bilkura egin zuten EEPko ordezkariek eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek Parisen, Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin, eta «jarrera aldaketa bat» igarri zutela jakinarazi zuten. Sail elebidunean euskarazko irakaskuntza kudeatzeko adostasun batzuk lortu zituzten, eta brebeta euskaraz pasatzeko aukeraz ere mintzatu ziren. Baxoa ez zuten aipatu.
Brebetari buruz, «epe onargarri batean», erantzun bat jasoko zutela erran zieten ministerioko ordezkariek, baina, ordutik ez da ezer iritsi. Bordeleko errektorea Azkainera (Lapurdi) joan zen iragan astean, euskarazko irakaskuntza eskaintzen duen eskola publiko bat bisitatzera, baina ez zuen gaia aipatu nahi izan.
Seaskako ordezkariek mezua helarazi nahi izan diete EEPko hautetsiei eta Ipar Euskal Herriko parlamentariei: «Ez daitezela ministro baten edo haren kabineteko ordezkarien hitz ederrekin lokartu. Gure haurren eskubideak, gure hizkuntza eskubideak errespetatuak izan arte elkarrekin borrokatu beharko dugu», adierazi du Jorajuriak. «Pap N’Diaye Frantziako Hezkuntza ministro berriak esperantza berri bat piztu du. Baina, maleruski, gure eskaera legitimoak betiko mespretxuarekin tratatuak dira», laburbildu du.
Mobilizazio zabala
Azterketak euskaraz egitearen alde mobilizazio andana egin zituen iazko ikasturtean Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak, hala nola ikastetxeen aitzinean, Baionan egin zuten giza katean, eta Ipar Euskal Herriko hiru akademia ikuskaritzetan; hezkuntza administratiboaren egoitza okupatzera ere iritsi ziren ekainean. Testuinguru horretan, Frantziako Asanbleara aurkeztu ziren Ipar Euskal Herriko hautagai gehienen babesa eskuratu zuten.
Kolegioko 250 ikaslek euskaraz erantzun zuten brebetako zientzietako proba desobedientziaz, baina azken urteetan gertatu ohi den bezala, kopiak bahitu eta zuzentzaile erdaldunek zuzendu zituzten. Uztailaren 12rako ekitaldi bat antolatu zuten Euskal Hirigune Elkargoan, ikasle bakoitzari zegokion nota emateko.