ERRESUMA BATUA

Trussek dimisioa eman du egindako hutsegiteek eta toryen kaosak bultzatuta

44 egun egin ditu Erresuma Batuko lehen ministro gisa. Alderdi Kontserbadorea datorren ostiralerako da lider berria aukeratzekoa. Oposizioak bozetara deitzeko eskatu du.

Truss, gaur, dimisioa eman duela iragartzen. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 20a
14:38
Entzun

Hauteskundeak irabazi gabe eta Alderdi Kontserbadoreak Komunen Ganberan dituen 357 diputatuen herenaren babesarekin hartu zuen Erresuma Batuko lehen ministro kargua Liz Trussek, joan den irailaren 6an, alderdiko primarioetan militanteen botoei esker gailenduta. Horrenbestez, hasieran ere ez zuen oso posizio sendoa aparatuaren barruan. Bi aste pasa geroago, bere agintaldi laburreko hutsegiterik larriena egin zuen: azken mende erdiko zerga jaitsierarik handiena planteatu zuen, hori finantzatzeko herrialdea zorpetzea proposatuz. Merkatuak eta inbertsiogileak dardarka hasi ziren. Jeremy Huntek Kwasi Kwarteng ordezkatu zuen Ogasun ministro gisa, eta aurreko astelehenean Trussen zerga neurriak zuzendu zituen Komunen Ganberan, Trussen beraren aurrean. Hurrengo egunean, egindako «hutsegiteengatik» barkamena eskatu zuen BBC hedabidean, eta aitortu «urrunegi» jo nahi izan zuela eta «azkarregi» aritu zela zerga jaitsieren asmoen inguruan. Nabarmendu zuen, baina, ez zuela dimisioa emango. Gaur eman du dimisioa, karguan 44 egun, hilabete eta erdi, iraun ondoren.

Ikusi gehiago: Truss aukeratu dute toryen buruzagi eta Erresuma Batuko lehen ministro

Dena den, toryek bere ordezkoa aukeratu bitartean, behin-behinean karguan jarraituko du. 1922 Batzordea da gobernuan ez dauden diputatu kontserbadoreak biltzen dituen organoa, eta barne bozak antolatzen ditu, gainera. Graham Brady du buru, eta, Trussek dimisioa eman eta gero jakinarazi duenez, toryek beren liderra, eta, bide batez, Erresuma Batuko lehen ministro berria aukeratzeko prozesua datorren ostiralerako bukatuta egongo da. Ez du zehaztu zer prozedura jarraituko duten horretarako, baina hautagaitzak astelehenean aurkeztu beharko dituzte, eta hautagaitza bakoitzak ehun diputaturen babesa eduki beharko du.

Oposizioak, bitartean, hauteskundeetara deitzeko eskatu du. «Ikusi da Alderdi Kontserbadoreak ezin duela gobernatu. Hamabi urteko porrotaren ondoren, Erresuma Batuko herriak ate birakariek eragindako kaosa baino zerbait hobea merezi du», azpimarratu du Alderdi Laboristaren lider Keir Starmerrek. Liberal Demokratak alderdiak, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak eta Alderdi Berdeak ere bozetara joan nahi dute. Boto asmoari buruzko inkesten batezbestekoaren arabera —urriaren 17koa da azken datua—, toryek botoen %23 bilduko lituzkete hurrengo hauteskundeetan, eta laboristek, %52.

Ikusi gehiago: Trussek barkamena eskatu du bere «hutsegiteengatik», baina esan du ez duela lehen ministro kargua utziko

Trussek Downing Streeteko 10. zenbakiaren atarian 14:30ean egindako agerraldi laburrean azaldu duenez, «zeregin» baterako hautatu zuten. Argudiatu du horretan ez diola lagundu nazioartean eta ekonomikoki abagunea «ezegonkorra» izateak. Ekonomia «zerga txikietan eta hazkunde handian» oinarritu nahi zuen, «brexit-aren askatasunak» baliatuz. «Ezin izan dut zeregina bete». Horregatik eman du dimisioa.

Horren ondorioz, eta bestela ere, ez zuelako diputatuen babesik. Trussek agerraldia egin aurretik hamasei ziren dimititu zezala jendaurrean eskatu zioten diputatu toryak. Eta aintzat hartu beharreko beste aldagaietako bat da Alderdi Kontserbadorearen barruko kaosa. Atzo dimisioa eman zuen Suella Braverman Barne ministroak, haren hitzetan «hutsegite bat» egiteagatik, isilpeko informazioa bere telefono pertsonaletik partekatzeagatik.

Ikusi gehiago: Alderdikideak akusatuz dimititu du Boris Johnsonek

Gainera, Komunen Ganberako herenegungo osoko bilkura oso istilutsua izan zen. Gasa lurpetik ateratzeko fracking metodoari jarritako debekua indargabetu zuen gobernuak irailean, eta laboristek zuzenketa bat jarri zioten kabinetearen asmoari. Atzera bota zuten laboristen zuzenketa, baina 40 diputatu toryk ez zuten bozketan parte hartu. Chris Bryant laboristak jakinarazi zuen «jazarpen irudiak» ikusi zituela, tory batzuek «oso oldarkor» jokatu zutela, eta haien artean bultzaka aritu zirela. Erresuma Batuko zenbait hedabidek kaleratutakoaren arabera, legebiltzarkide kontserbadore batzuk matxinatzen ahalegindu ziren, eta beste batzuek, kontrara, indarka eragotzi zuten. Lindsay Hoyle ganberako presidenteak gertatutakoa ikertzeko agindu du.

Bradyrekin bilera egin du Trussek, egoeraz hitz egiteko. Downing Streeteko 10. zenbakiko bozeramaile batek kazetariei esan die lehen ministroak karguan jarraituko zuela, aldaketarik ez zegoela aurreikusita. Ordubete pasa geroago iragarri du dimisioa.

Azken sei urteotan lau lehen ministro toryk dimititu dute: David Cameronek 2016ko ekainean, Theresa Mayk 2019ko maiatzean, Boris Johnsonek aurtengo uztailean, eta Trussek atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.