Euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko Zinuema egitasmoa sortu du Uemak

Uemako udalerrietan euskarazko ikus-entzunezkoen emanaldiak izango dira egitasmoaren bidez. Oraingoz, proiektu pilotua jarri dute martxan Ataunen, Azpeitian, Igorren eta Etxarri Aranatzen.

Antolazaileak gaur goizean, egitasmoaren aurkezpenean. UEMA
jone arruabarrena
2022ko urriaren 20a
14:33
Entzun

Adin guztietako ikusleek ikus-entzunezkoez gozatzea, baina euskaraz. Hori da UEMAk aurkeztu duen Zinuema egitasmoaren helburua, Tinko Filmeak-ekin elkarlanean. Oraingoz, lau herritan jarriko dute martxan: Ataun, Azpeitia, Igorre eta Etxarri Aranatz.

Hamabi ikus-entzunezko pieza ditu programazioak, baina antolatzaileek adierazi dute, oraingoz, «proiektu pilotua» baino ez dela eta, «emaitza onak» lortuz gero, programazioa zabaltzeaz gain, egitasmoa beste herri batzuetara hedatzeko asmoa ere badutela. Besteak beste, Black is Beltza II: Ainhoa, Lupin III, Zure platerean hasten da mundua, edo Elkano, lehen mundu bira ikusgai izango dira aipatutako herrietan. Go!azen telesaileko bederatzigarren denboraldiko azken atalaren aurrestreinaldia proiektatuko dute, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala ere zuzenean ikusteko emanaldiak antolatuko dituzte.

Erdara pantailetan

Gaur aurkeztu dute egitasmoa Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean, eta bertan izan dira UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano, Tinko Filmeak-eko Iñigo Arandia eta proiektu pilotuan parte hartuko duten herrietako alkateak. Lazkanok azaldu du euskarazko kultur eskaintza «indartu» nahi dutela Zinuemaren bidez.

Izan ere, kezkatuta azaldu da erdarak euskaldunen pantailetan hartzen duen lekuagatik: «Azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere». Gazteen ohituretan jarri du arreta, eta UEMAk egindako ikerketa baten emaitzak azaleratu ditu: «Batez ere erdarazko edukiak ikusten dituzte nerabeek, eta ikusten ari gara horrek eragin nabaria duela hizkuntza ohituretan».

Hala ere, egoera hobera doa, batez ere ikus-entzunezko online plataformei dagokienez. Arandiak eman ditu datuak: Filminek, esaterako, euskaraz 65 eduki zituen 2021eko irailean, eta urtebete geroago 83 dauzka; Netflixek 3 zeuzkan iaz, eta 44 dauzka aurten; Disney+ kateak ez dauka eduki bat bera ere euskaraz. Hala ere, hobekuntza hori ez da nahikoa, Tinko Filmeak-eko kidearen hitzetan: «Azken urtean euskarazko eskaintza igo egin da ikus-entzunezko lege berriaren eta Pantailak Euskaraz eta horrelako mugimenduen presioari esker, baina plataforma hauetan eskainitakoa ez da euskarazko aisialdi normalizatu batek behar lukeen adinakoa».

Bonuak, «malgutasunez»

Saio bakoitzerako sarrerak salgai izango dira herri bakoitzean, baina horiez gain bonuak ere izango dira, 20 euroren truke edukiak «malgutasunez» ikusteko. Ohiko sarrerak baino merkeagoak izango dira.

Horrez gain, ikusleen parte hartzea eskatu dute antolatzaileek, emanaldien ostean balorazio inkestak egiteko. Adierazi dutenez, proba pilotua izanda, aurrerago egitasmoa zabaltzeko ezinbestekoa izango dela herritarren iritzia: «Jakin nahi dugu ikusle mota bakoitzak zer ikusi nahi duen, euren iritzia jaso, edukierak bete diren, beti edo zein kasutan ez, zergatik…». Hori guztia ebaluatzeko, inkesta bat bete ahal izango da emanaldi bakoitzaren ostean, eta erantzuten duten guztien artean telebista bat zozkatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.