«Justizia klimatikoaren nozioak adierazten ditu klima aldaketari buruzko berdintasunari dagozkion ikuspegi etikoa, morala, legala eta politikoa, ez soilik ikuspegi fisiko edo ingurumenekoak». Wikipediako beste edozein artikuluren hasiera izan liteke, baina ez da: Justizia klimatikoeuskarazko Wikipediaren 400.000. artikulua da. Atzo gainditu zuen muga hori Interneteko entziklopediak. Horri esker, Wikipedia handienetan 34.a da euskarazkoa, estatu hizkuntza diren hainbat eleren aurretik.
Mugarriaren berri emateaz gain, datu deigarri bat ere eman du euskarazko Wikipediak Twitterren: Lur entziklopediaren 13 liburuek duten formatu berberean inprimatuta, 274 liburu osatuko lituzkete Wikipediaren 400.000 artikuluek.
Zenbat okupatzen dute gure 400.000 artikuluek? Lur Entziklopediaren 13 liburuek duten formatu berberean inprimatuta, 274 liburu izango lirateke.
— Euskarazko Wikipedia (@euwikipedia) October 19, 2022
Azalpena hemen: https://t.co/gu0ihDoRsApic.twitter.com/5uyE1Q5ABw
Eduki hori guztia 20 urte baino gehiagoko lanaren emaitza da. 2001eko abenduaren 6an sortu zuen Dr. Polilla ezizeneko erabiltzaile batek euskarazko lehenbiziko artikulua Wikipedian. Horrekin jaio zen euskarazko entziklopedia kooperatiboa.
Lurra artikulua idatzi zuen, planetaren inguruan, eta, oraindik euskarazko Wikipedian artikuluak idazteko estiloa finkatu gabe zegoenez, bat baino gehiago harrituko du haren tonuak: Lurra (2001). «Eguzki handi batek, lau planeta erraldoik, bost txikiagok, berrogei satelite baino gehiagok, 100.000 satelite baino gehiagok, eta beharbada 100.000 milloi izar lokak eratzen dute Eguzki sistema, eta hala ere, batean baino ez dugu bizitza aurkituko: Lurrean».
Gaurko artikuluaren sarrera askoz estandarragoa da, noski. Lehen artikulu hura aterpetu zuen eu.wikipedia.com domeinua bi egun lehenago sortu zuten, eta, oraindik ere, entziklopedialarien komunitatean ez dakite nork sortu zuen.
BERRIAk berak ere ekarpena egin dio entziklopediari. 2018an, 2012tik kazetan argitaratutako 2.500 infografia baino gehiago utzi zituen egunkariak Wikipediaren esku, eta geroztik sortu direnak gehitu dituzte.
Entzutetsua izan zen duela gutxi, irailaren amaieran, Nord Stream 2 gasbidea irudikatzeko BERRIAk egin zuen infografiak izan zuen hedapena: euskara ez beste 11 hizkuntzatako Wikipedian baliatu zuten. Munduko hizkuntza nagusiak zeuden horien artean: txinera, ingelesa, frantsesa, portugesa, eta errusiera eta ukrainera ere bai. Euskaraz irakur litezke herrialdeen izenak orrialde horietan.
Ziurrenik irakurri duzu jada #NordStream2 gertakariaren inguruan. Eta ez dakizu ondo zer gertatu den. Edo oso ziur zaude.
— Galder Gonzalez🔻 (@theklaneh) September 28, 2022
Baina kontatuko dizudana ez dakizu: ingelesezko, danierazko, frantsesezko edo ukrainerazko Wikipedian erabili duten irudia @berria|rena da. pic.twitter.com/aoK6bcoAwa
Ez da, gainera, Wikipediari esker BERRIAren infografia batek milaka bisita izaten dituen lehen aldia: 2019an ia milioi bat ikustaldi izan zituen Txernobylgo hondamendiari buruz Joxean Apeztegiak egindako infografiak, ingelesez, hungarieraz, italieraz eta errusieraz. Hondamendi hari buruzko telesail baten arrakastak eragin zuen bisita olatua.
Horrez gain, Ahotsak.eus-en ekarpena eduki du Wikipediak, Elhuyarrena (Teknopolis saioko bideoak, esaterako) eta Euskal Herriko unibertsitateena.