Ez da giro Downing Streeteko maizterraren egoitzan. Hari mehe baten gainean orekari eutsi ezinik dabil Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministroa. Irailaren 6an agintari kargua hartu zuenetik bata bestearen atzetik hartu ditu kolpeak, bere Alderdi Kontserbadorearen barrutik hasita. Ekonomia ministro izendatu berri duten Jeremy Huntek, esaterako, guztiz baztertu zuen atzo Trussek bultzatutako zerga jaitsieren asmoa, merkatuaren zurrunbiloa egonkortzeko helburuz. Bada, Huntek erabaki hori hartu ondotik, lehen ministroak barkamena eskatu du bere «hutsegiteengatik», BBC hedabideari emandako elkarrizketa batean. Hori bai, berretsi du agintean eta toryen lider izaten jarraituko duela hurrengo hauteskundeak egin arte.
Lehen ministroaren hitzetan, bere hilabete pasako agintaldia «ez da perfektua izan», baina okerrak «konpondu» dituela gaineratu du. Zerga jaitsieren asmoen inguruan, berriz, adierazi du herritarrek beren faktura energetikoak ordain zitzaten lagundu nahi zuela, baina «urrunegi eta azkarregi» joan zela. Hori dela eta, Hunt hautatu zuen Ekonomia ministro, «egonkortasun ekonomikoa berrezartzeko» helburuz. «Arduragabea izango zen norabidea ez aldatzea».
Alderdi Kontserbadoretik jasotako kritikei dagokienez —bost diputatuk eskatu diote kargua uzteko—, Trussek esan du «britainiarrentzat lan egiten» ari dela buru-belarri: «Erresuma Batuarentzat emaitza onak lortzeko aukeratu naute. Oso une gogorrei aurre egin behar diegu. Ezin dugu denbora galdu Alderdi Kontserbadoreaz hitz egiten, lortu behar dugunaz solastatu beharrean. Hori da nire lankideei eman nahi diedan mezua».
Horiek horrela, hazkunde ekonomikoa sustatzeko lan egitearen alde azaldu da lehen ministroa, baina aitortu du uste baino denbora gehiago beharko duela. «Horretan jarraitzen dut, baina beste era batera lortu beharko dugu». Hutsegiteak zuzentzeko «azkar» jardun duela behin baino gehiagotan esan ondoren, agintaldia amaitu arte gobernuaren buru izango dela berretsi du: «Kontserbadoreen buru izango naiz hurrengo hauteskunde orokorretan».
Ekonomia ministroak Trussek hartutako ia neurri fiskal guztiak zuzendu dituen egun berean zabaldu du BBC hedabideak lehen ministroaren elkarrizketa. Neurri horiek gobernu programaren zutarri nagusiak ziren.
Ekonomia ministroak aurreratu duenez, bertan behera utziko du apiriletik aurrera errentaren gaineko zergaren oinarrizko bandaren %20tik %19rako jaitsiera plana. Halaber, hil horretan bertan amaituko dira enpresa eta etxeentzako energia faktura mugatzeko laguntzak ere. Hunten esanetan, aldaketa horien bitartez, «finantza egonkortasuna bermatu eta gobernuak diziplina fiskalarekin duen lotura sendotu» nahi dute.
Herritarren %10, Trussen alde
Truss ataka estuan dagoen honetan, YouGov etxeak gaur kaleratutako inkesta baten arabera Alderdi Kontserbadoreko militante gehienek (%55) uste dute Trussek dimisioa eman beharko lukeela; %39, aldiz, hark karguan jarraitzearen alde daude. Kalean, berriz, Erresuma Batuko hamar herritarretik batek baino ez du lehen ministroaren aldeko iritzia. Halaber, herrialde horretako bost pertsona heldutik lauk (%80) «modu desegokian» baloratzen dute lehen ministroa, eta %62k ez dute «batere gogoko» toryen politika.
Bestalde, Trussek boto emaile kontserbadoreen artean izan duen ospe txarra ere behera egiten ari da; inkesta horren arabera, bostetik batek (%20) toryen buruaren «aldeko» ikuspegiari eusten dio; %71k, aldiz, «aurkako» iritzia du orain. Urriaren 14tik 16ra egina da galdeketa.