Jaialdiak

Odei, Merina Gris, Brigade Loco eta beste izanen dira 27. Hatortxu Rocken

Aurkeztu dute abenduaren 17an Atarrabian ariko diren taldeen zerrenda; hamazazpi dira guztira. Gertu ditugu, gertu gaude izanen dute aurtengo leloa.

Hatortxu Rock Atarrabian, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urriaren 18a
11:29
Entzun

Jakinarazi dute zer musika taldek joko duten 27. Hatortxu Rock jaialdian. Hamazazpi izanen dira guztira, eta berritasun asko dira horien artean. Izan ere, horietako bederatzik estreinakoz hartuko dute parte euskal presoen aldeko festibalean: La Furia, Bulego, Angelus Apatrida, Merina Gris, Segismundo Toxicomano, Odolkiak Ordainetan, Brigade Loco, Odei eta Raimundo el Canastero lehenbiziko aldiz izanen dira Hatortxu Rocken.

Horiez gainera, beste zortzi talde ere igoko dira oholtza gainera: Mafalda, El Trono de Judas, Nogen, Soziedad Alkoholika, Skakeitan, Afu, Tremenda Jauría, eta DJ Plan B.

Lehendik ere iragarri zutenez, abenduaren 17an izanen da jaialdia, Atarrabian (Nafarroa). Orain dela 23 urte abiatu zuten elkartasun jaialdia. Datorren abenduko kartela zabaldu ez ezik, Hatortxu Rocken asmoak ere ekarri dituzte gogora antolatzaileek: «Euskal preso politiko eta haien senideek pairatzen zuten dispertsio salatzea eta horrek dakartzan gastu ekonomikoak arintzea dira helburuak». Nabarmendu dute, beste behin, dispertsioak «odolustea» dakarrela presoen hurbilekoentzat.

27. aldirako, lelo hau aukeratu du Hatortxuk: Gertu ditugu, gertu gaude. Itxaropentsu daudela oroitarazi dute, baina helburu batzuk ez direla erdietsi oraindik: «Oraindik bada lanik. Baina helmugatik hurbil gaude. Gertu ditugu eta helburutik gertu gaude. Gertu gaude, prest. Azken pauso hori emateko. Gertu ditugu, gertu gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.