Trapezistak programa abiatu du Jaurlaritzak, familia gabeko etorkin gazteak gizarteratzeko

Trebakuntza, enplegua, etxebizitza eta komunitate alorretan emango die laguntza, bazterketa egoeratik atera daitezen. 18 eta 25 urteko 115 gazte ari dira jada programan parte hartzen.

Trapezista baten ikuskizuna izan da gaur programaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko urriaren 17a
18:48
Entzun

Familia sarerik ez duten gazteei laguntzeko, Trapezistak programa abiatu du Eusko Jaurlaritzak. Migratzaileak dira gehienak, adingabe izanda iritsitakoak asko, eta kalean bizitakoak. Gizarte bazterketatik ateratzeko tresnak eskainiko dizkie programak: trebakuntza, lana aurkitzeko bitartekaritza, laguntza psikosoziala eta harrera baliabideetatik kanpo bizitokia aurkitzeko laguntza. Honezkero 18 eta 25 urte bitarteko 115 lagun ari dira egitasmoan parte hartzen: 112 gizon eta hiru emakume.

Zirkozaurren aurkeztu dute programa gaur, «orekari ariketak» egiteko espazio batean, «gazte hauek bizitzaren prozesu honetan egin duten bezala», Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez: «Abiatu duten bide honek kaleetatik aterako ditu, babesteko teilape bat emango die, eta trebatzen lagunduko die, helduen bizimoduan berme guztiekin sartzeko». Sailburuak ohartarazi du, halere, proiektua ez dela «erraza izango» gazteontzat: «Lan eta ahalegin handiak egin beharko dituzte. Baina esperientziak diosku halako egoeretan dauden gazteek aurrera egitea lortzen dutela sustengua baldin badute». Izatez, Artolazabalek emandako datuen arabera, egun programan daudenen %10ek urtebeteko lan kontratua lortu dute lanaldi osoan, %17 hori lortzetik «hurbil» daude, eta %71, «prozesuan»; hain zuzen, 46 gazte ari dira lan praktikak egiten.

Sailburuak azaldu duenez, aurreko legegintzaldian hasi ziren gazte horien errealitatea jorratzen: «Adingabetan iristen zirenak diputazioen babesa jasotzen zuten, baina 18 urte betetzean zailtasun asko zituzten formakuntza planekin jarraitzeko, baimenak lortzeko, etxe bat aurkitzeko...». Konfinamenduak, ordea, arazoaren benetako dimentsioa erakutsi zien: etxegabeentzako bizitokia bilatzen ari zirenean, ehun bat gazte identifikatu zituzten egoera horretan. «Guk uste genuena baino gehiago, eta oso egoera zaurgarrian». Lehen Urratsa programa abiatu zuen Jaurlaritzak orduan, eta horren jarraipena da Trapezistak: «Sailean egiturazko programa bat izango da: geratzeko etorri da».

Halere, programa horretan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituztenentzat, beste egitasmo bat jarri dute martxan: Irauli. «Trapezistek betebehar eta konpromiso batzuk hartu behar dituzte, eta pertsona guztiak ez daude horretarako prestatuta. Erdibideko pauso bat da Irauli, esku hartze handiagoa behar duten gazteentzat», azaldu du Artolazabalek. Eta bestelako oztopoak ere badaudela ohartarazi du. Espainiako Gobernuak atzerritarren araudian eginiko azken moldaketek gutxitu egin dituzte gazteok lan merkatuan sartzeko eskakizunak, baina hobekuntza horiek ez dira nahikoak: «Burokrazia politikoaren oztopoarekin egiten dute topo oraindik. Portzentaje txiki batek erregularizatu du bere egoera, itxarote epeen eta migrazio izapideen zailtasunen ondorioz».

Gazteentzako politiketan txertatuta

Oraingoz Bizkaian eta Gipuzkoan jarri dute martxan egitasmoa, eta Jaurlaritzak hirugarren sektoreko hamazazpi entitate ditu bidelagun. Agintzari da horietako bat; Unai Zabala koordinatzaileak nabarmendu du «ibilbide pertsonalizatua» egin ahal izango dutela gazteek, «pertsona bakoitza erdigunean jarrita», eta euren «eskubideen eta betebeharren inguruko akordio bat» sinatuta. Gizarte eta hezkuntza esparruak uztartu izana ere txalotu du: «Formakuntza garrantzitsua da, baina sarea ere eraiki behar da gazteen inguruan: gogora ekartzekoa da ez dutela familiarik eta denon artean osatu behar dela». Horren adibide gisa jarri du bizitoki komunitarioen alorra: «Joera izan dugu gazteak ghetto modukoetan sartzeko, baina zergatik ezin dira bizi hemengo unibertsitate ikasle batekin, edo bakardadearen aurkako estrategian identifikatutako adineko batekin?».

Ildo horretan, Xabier Legarreta Jaurlaritzako Migrazio zuzendariak azpimarratu du «politika normalizatuetan» txertatu dutela Trapezistak programa: «Bazterketa arriskuan dadenen arretatik atera dugu, eta gazteen emantzipazioari eta migrazioei buruzko esparruan sartu dugu». Legarretak «estrategikotzat» jo du egitasmoa, eta horren seinale, aurrekontua: «2023an lau milioi euro inguru bideratzeko konpromisoa hartu dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.