Joan den ostiraletik ezgaituta dago Pantailak Euskaraz taldearen Twitterreko kontua. Alex Aginagalde bertako bozeramaileak BERRIAri adierazi dionez, asteartean hackeatu egin zizkieten Twitterreko, Youtubeko eta Gmaileko kontuak. Horietan «hainbat mezu eta bideo arraro» agertu ziren, gehienbat kriptotxanponei buruzkoak. Ohartu orduko ezabatu zituzten mezu horiek guztiak, eta irekita zeuzkaten saio guztiak itxi eta pasahitz berriak ezarri zituzten. Asteazkenerako «printzipioz konponduta» zegoen sareetako afera, Aginagaldek dioenez.
Dena dela, hortik gutxira, ostiralean, Pantailak Euskaraz-en Twitterreko kontua ezin erabili geratu ziren. Ez dakite nondik nora gertatu ahal izan den hori: norbaitek mezu horiek salatu zituelako, edo zuzenean Twitterrek «mezu desegokitzat edo arau haustetzat» jo dituelako.
Berez, Twitterrek badu modurik kontuak berriro gaitzeko eskaerak egiteko. «Pauso guztiak eman ditugu, eta azaldu diegu zer gertatu den eta zergatik eskatzen diegun kontua berreskuratzeko». Orain arte hiruzpalau eskaera egin ditu Pantailak Euskaraz taldeak kontua berreskuratzeko. Baina ez dute berri onik. «Antza denez, kontua behin betiko dago itxita», jakinarazi du Aginagaldek. «Harrituta» geratu dira taldekoak. Haien kezka nagusia sare sozial hartan zituzten 2.500 jarraitzaile horiek galdu eta «hutsetik hastea» da.
Bien bitartean, Twitterrek entzungorrarena egiten jarraitzen du. «Hackeatze baten ondorioz izan baldin bada, mesedez kontuan hartu dezatela eta itzuli diezagutela kontua».
Lau egun daramatzate taldekoek sare sozial hartara sartu ezinik. «Zarata ateratzeko», sinadura bilketa bat jarri dute abian Avaaz plataforman. Zibererasoaz harago, Aginagaldek arrazoitu du Twitterrek ez duela arrazoirik Pantailak Euskaraz taldearen kontua ezgaituta mantentzeko: «Gure aldarrikapenak oso-oso oinarrizkoak dira. Euskal hiztun komunitatearen eskubideak babestea besterik ez dugu eskatzen, pantailetan bereziki. Horrek ezin du izan inongo arau hausterik».