Negua gerturatu ahala, tenperaturak jaisten ari dira gutxika. Aurten, baina, energiarekin lotutako arazoak ez dira falta: prezio handiak, hornidura eskasia izateko arriskua, kontsumoa mugatzeko deiak... Udazken eta negu gogorra, baina, ez dira «fenomeno meteorologiko» bat Eskubide Sozialen Gutunarentzat, eta langileek eta herritarrek bizi duten egoera «jasanezina» eta «bizitzaren garestitzea» salatzeko mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, azaroaren 19an.
Elene Lopetegik, Eskubide Sozialen Gutuneko bozeramaileetako batek, egiturazko arazoak «azkartzen» ari direla adierazi du gaur Donostian, mobilizazioak iragartzeko egindako prentsaurrekoan. Pedro Sanchezen gobernuari leporatu dio hartzen dituen neurriak «epe laburrekoak» direla eta ez direla «nahikoa». Iñigo Urkulluren eta Maria Txibiteren gobernuei, berriz, aurpegiratu die beren eskumenak ez dituztela erabiltzen.
«Eliteen diru gosea» jo dute herritarren egoeraren erantzule: «Finantza sektorea, oligopolio energetikoa, patronala eta, oro har, elite ekonomikoak dira gehiengoaren pobretzea eragin eta egoera honekin etekinak pilatzen ari direnak», adierazi du Lopetegik.
Sei puntuko eskaera
Hala, sei puntu nagusiko eskakizun zerrenda bat egin dute. Lehenengoa da gutxieneko soldata hilabetean 1.400 eurora eta gutxiengo pentsioa 1.260 eurora igotzea, KPIaren «igoera erreala» kontuan hartuta, baita emakumeen arrakala amaitzeko ere.
Energia krisiari dagokionez, egoerari aurre egiteko sektorea publifikatzeko urratsak eskatu dituzte, eta horren kontrola publikoa eta soziala izatea. Bestalde, energiaren prezioak kontrolatzea eta mugatzea ere eskatu dute.
Zaurgarrienen egoera hobetzeko, zerbitzu publikoak indartzea eskatu dute, baita etxegabetzeak debekatzea eta alokairuen eta hipoteken prezioak mugatzea ere.
Zerga politikan ere norabide aldaketa bat egiteko eskatu dute Gutuneko kideek, zerga erreforma baten bitartez. Hala, enpresen mozkinei eta aberatsenei zergak handitzea nahi dute.
Dinamikaren egutegia
Azaroaren 19ko protestaz gain, beste hainbat ekintza eta jarduera ere egingo dituzte. Besteak beste, urriaren 26an energiari buruzko hitzaldia egingo dute Gasteizen, eta azaroaren 3an etxebizitza eskubidea aldarrikatuko dute Donostian, baita turistifikazioa salatu ere. Azaroaren 10ean, berriz, diru sarrera duinen aldeko mobilizazio bat egingo dute Bilbon, eta beste bat Iruñean.
Gasteizko manifestazioa 12:00etan abiatuko dute, Artium museotik. Beste hirurak 17:30ean izango dira; Donostiakoa Bulebarretik hasiko da, Jesusen Bihotzetik Bilbokoa, eta Baluartetik Iruñekoa.