40 urte beteko dira datorren urtean Joxean Lasa eta Joxi Zabala gazteak GALek bahitu zituenetik. Horren harira, Foro Sozial Iraunkorrak dioenez, aurrera egin ahal izateko, urteurrena «agenda instituzionalean txertatu» behar da: «Biktimen kategorizazioa gainditzen lagunduko duen urrats berri gisa, eta biktima horien eta haien senideen erreparaziorako».
Horretarako, bi pauso eman behar direla nabarmendu du Foro Sozialak. Batetik, Espainiako Gobernuak eta gobernuko presidenteak, «eragindako kaltea aitortu behar» dute. Eta, bertzetik, kasuaren balorazioa egin ondoren, «Eusko Jaurlaritzak kasu hori bere agenda instituzionalean sartzea eta kasuari zabalkunde pedagogikoa ematea».
Aurten 39. urteurrena den heinean, gaiarekin lotutako zenbait auzi ekarri ditu gogora Foro Sozialak. Batetik, adierazi du hamalau desagertze behartu dokumentatu direla; erdiak argitu gabe daude, eta bertze erdietatik luzeenak Lasa eta Zabalaren kasuak izan ziren –gorpuak identifikatu zituzten arte 11 urte eta erdi pasatu ziren–. Bertzetik, kasu honetan «giza eskubideen urraketa guztiak betetzen» direla azpimarratzeaz gain, Foro Sozialak adierazi du «urraketa bereziki larria» gertatzen dela «egileak funtzionario publikoak direlako».
«Estatuaren biktimek pairatzen duten tratamendu asimetrikoa gainditzeko» oraindik «asko» gelditzen bada ere, Foro Sozialak adierazi du «aurrerapausoak» eman direla «Estatuaren biktimen egia, justizia eta erreparaziorako eskubidearen bermean». Hala, nabarmendu du torturatuei buruzko IVACen txostenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako legeak «tresna egokiak» direla horretarako.