Hedabideak

Salatu dute EITBk zentsuratu egin dituela Maddalen Arzallusek Ion Paroti eskainitako bertsoak

Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan abestu zituen Arzallusek, ostiralean. Sare sozialetan jasotako hainbat kritika direla medio, webgunetik kendu du bideoa EITBk. 

Maddalen Arzallus bertsotan, iaz, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Paulo Ostolaza.
2022ko urriaren 16a
14:15
Entzun

Eztabaida piztu dute Maddalen Arzallus bertsolari eta aurkezleak ostiralean Euskadi Irratiko Faktoria saioan abestutako bertso musikatuek. Edo, hobeto esanda, eztabaida piztu du EITBk azken orduetan horien inguruan izandako jarrerak. Arzallusek Ion Parot euskal preso ohia hizpide hartuta abestu zituen bertsoak; 32 urte egin ditu preso hark, eta aste honetan aske utzi berri dute, baldintzapean.

Twitterren xextran ibili dira iritzi batekoak eta bestekoak: lehenik, hainbat erabiltzailek salatu zuten «terrorismoari gorazarre» egiten ziotela bertso horiek, eta hedabide publiko batean ez litzatekeela hori onartu beharko. Bideoa Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak zabaldu zuten, besteak beste.

Bigarren kritika olatua, berriz, EITBk bideoa bere webgunetik kendu duenean iritsi da. «Twitterreko lobbyek EITBren adierazpen askatasuna baldintzatzen dute? Ze tristea». Lander Iruin erabiltzaileak bota du galdera, eta ez da gisa horretako kritikak egin dituen bakarra izan.

Batek baino gehiagok ez du zalantzarik izan: zentsura da EITBk egin duena. BERRIA jarri da harremanetan komunikazio taldearekin, eta EITBk esan du bere kontrol organoetan emango dituela auziaren inguruko azalpenak.

Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramaileak jakinarazi duenez, «EITBko zuzendaritzako kide batek» agindu du bideoa saretik kentzeko. Gehitu du EH Bilduk azalpenak eskatuko dituela urriaren 25ean egingo den EITBko administrazio kontseiluaren bileran.

Twitterrek, gainera, aldi baterako mugatu du Faktoria saioaren kontua. Pentsatzekoa da horrek lotura izan dezakeela Arzallusen bertsoen inguruan sortutako ika-mikarekin. Gaur goizean hitz egin du aferaz Iñaki Guridik, saioko aurkezleak, eta esan du «orotariko iritziak» batzen saiatzen direla Faktoria-n, eta hala egiten jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.