Ezagutzeko beharragatik idazten du Oskar Gazteluk (Larrabetzu, 1964). Identitateaz jardun zuen Nire bizitza ni barik lanean (Arabako Foru Aldundiaren argitalpenak, 2019), eta doluaz dihardu azken obran: Heriotzari aurrez aurre begira (Erein, 2022). Jakintzaren arrastoan, beste hainbat arlo izan ditu jomuga: Larrabetzuko historia eta psikologia, besteak beste.
Zergatik erabaki zenuen heriotzaren inguruko lan bat egitea?
Prozesu luzea izan da; duela lauzpabost urte hasi nintzen. Orain dela hamalau urte, Claudio Naranjo psikiatrarekin Psikologia Integratiboa ikasten hasi nintzen. Helburua zen norberaren buruarekin gustura egotea, eta besteekin eta munduarekin harreman egokia izatea. Denok egiten dituzten galderak egin nizkion neure buruari: zer egiten dudan munduan, zertarako nagoen, nor naizen, eta zergatik amaitzen den hau dena. Konturatu nintzen bizitzaren lehenengo partean izakia zabaltzen doala, era hedakor batean, baina ailegatzen da puntu bat non hasten zaren barrura begira: “Non nago ni?”. Heriotzak mugatu egiten du ibilbide hori.
Mendebaldeko kulturak bazter egiten dio heriotzari, diozunez.
Mendebaldeko gizartean, oso txarto ikusita dago heriotzaz berba egitea; tabu bat da. Hitz egite hutsagatik hura ekarriko bazenu bezala. Agurrak ere urruntzen dira: esate baterako, beilatokiak, behintzat nire inguruan, gune industrialetan daude. Hasi nintzen irakurtzen, materiala biltzen, eta bitartean ingurukoak hil egiten dira, gu hilko garen moduan. Horrek prozesua azeleratzen du. Konturatu nintzen heriotza presente edukita bizitza hobeto eraman daitekeela. Ingurukoekin ere beste harreman bat dago: heriotzak berpiztu egiten dizu ingurukoekiko lotura.
Heriotza presente izatea izan da liburuaren hauspoetako bat?
Bai. Izan ere, dokumentazioa eta liburuak kontsultatuta, konturatu nintzen gure gizartean, orain ez hainbeste denbora, heriotzarekin bat egiten zela. XX. mendearen lehen zatiaren aurretik, badaude lekukotza batzuk. Esaterako, [William] Douglassen Muerte en Murelaga-n agertzen da nola hitz egiten zen lasai-lasai heriotzari buruz, inolako beldur barik; umeek gaubeletan jolastu egiten zuten, eta, orain dela mende batzuk, emakumeek elegiak kantatzen zituzten gaubeletan. Integratuta zegoen heriotza, bizitzaren parte bat zen. Gizartea hilezkorra da, baina pertsona hilkorra da: norbait joatea zauri bat bezala da, eta gizartea saiatzen da zauria ixten bere mekanismoekin; horregatik joaten ziren laguntzera baserri batetik bestera, baserriko lanak egitera, landa bideak errespetatzen ziren gorpua elizara eramateko… Euskal gizartean, heriotzak markatzen zituen harreman sozialak.
Soilik euskal gizartean?
Beste lekukotza bat da Joan Didionena. Hark esaten du AEBetan ere, konstituzioan agertzen denez zoriontsua izan beharra dagoela, zokoratu egin dela heriotza. Eta, horren ondorioz, dolua egiteko prozesua askoz zailagoa da. Lehengo errituak eraztun babesle bat bezalakoak ziren: konfiantzazko jendea inguruan zegoen, eta egin zitekeen negar, berba, barre… Baina gaur egun hori ez da ematen: jendeak ez du onartzen triste egon zaitezkeenik; pozik egon behar duzu.
Dolua indibidualizatu egin da?
Gizarte honetan, antibalio bat da. Ekoizleak eta kontsumitzaileak gara; heriotzak mugatu egiten du hori dena, ez du uzten hori garatzen. Gure gizartea da oso nartzisista, era pertsonal eta kolektiboan. Bakoitzak berea egin behar du, inork ahuldaderik ikusi gabe.
(Psikologiaren inguruko interesa. Oskar Gaztelu idazleak Psikologia Integratiboa ikasi zuen Claudio Naranjo psikiatrarekin. Irudian, Naranjo eta Gaztelu La Casa Grande herrian (Espainia), duela zortzi bat urte. oskar gaztelu)
Errituen garrantzia nabarmentzen duzu liburuan. Zergatik?
Errituak direlako egitura bat non ez duzun ezer pentsatu behar; babes toki bat ematen dizute. Errituetan, doluaren prozesua martxan ipin daiteke. Sinbologiaz beteta daude. Sakonak iruditu ez arren, atzean aspaldiko lanketa bat dago, sustraia daukate.
Esaten duzu erritu klasikoek ez badute balio, berrietara jo behar dela. Zeintzuk lirateke erritu berri horiek?
Gizarte elizkoi bat izan gara, baina jada ez; umezurtz geratu gara. Elizak ere aurreko errituetatik edan du. Ez dira errituak ezabatu behar, berregituratu beharko lirateke. Elizaz kanpoko errituak ere badaude: adibidez, zeremonia zibilak. Gorbeian eduki nuen bat: lagun bat joan zen, eta oso erritu polita egin zen, kanta batzuk arbolen artean… Holako leku sakratu batzuk topatu behar dira; sakratuak ez du esan nahi erlijiosoa. Baina pertsona bat doanean, ondo agurtuta badoa, guk ere irabazten dugu. Ez dagoenean agurtuta ere, baliagarria izan daiteke.
Dolurako, ezta?
Dolurako. Pertsona hori zure barruan geratzen da. Barne epaileak hori exijitzen digu, baina inoiz ez da berandu. Dolurako, aukerak daude beranduago ere bai. Nire aita orain dela 31 urte hil zen, eta uste dut dolua orain dela gutxi egin dudala. Azkenean, norbere buruarekin ondo geratzea da inportantea. Eta, horretarako, erritu batzuk egin behar dira.
Ikas edota irakats daiteke heriotzari aurre egiten?
Printzipioz, doluak dira pertsonalak eta ezin dira besterendu. Bakoitzak dauka bere dolua egiteko era, eta sentitzen dena berezia izango da. Horrek ez du esan nahi ezin daitezkeenik tresna batzuk erabili bide horretan. Esate baterako, askotan saiatzen gara pertsona hori lasaitzen, esaten ez dela ezer pasatuko. Eta bigarren mailan gelditu behar dugu: bakoitzak bere prozesua egiteko eskubide osoa dauka, eta guk entzun egin behar dugu; horrek dolua arindu dezake.
Joan Didion aipatu duzu, literatur idazle gehiago ere aipatzen dituzu liburuan. Literaturak nola laguntzen du prozesu horretan?
Normalean, norbait doanean, hitzik gabe geratzen zara, barne emozioak oso zailak baitira adierazteko. Badaude pertsona batzuk daukatenak trebezia handiagoa idazten, eta bila daiteke idazleek nola adierazten duten hori, hitzak topatzeko hitzak ez dituen gauza bati. Azkenean, sormen mundu bat da. Joan Didionek, Xabier Letek edo Miguel Unamunok asko sufritu zuten, eta horretaz idatzi zuten. Gertatzen zaiguna ezagutzeko bide bat da literatura. Dolua bakarrik pasatzen da, baina, aldi berean, unibertsala da.
Oraingoa eta zure aurreko lana saiakera estilokoak dira. Zelan definituko zenuke zure estiloa?
Bietan bilatu dut pasatzea ez jakitetik jakitera. Horrek ez du esan nahi orain dakidanik. Baina, hasi nintzenean, ezer gutxi nekien heriotzaz. Helburu bat ipintzen duzu. Nire bizitza ni barik identitatearen bilaketa da: nor naizen, zer egiten dudan, zergatik errepikatzen ditudan patroi batzuk. Norbera ezagutzea da. Delfoseko orakuluan [Grezia] ipintzen zuen bezala: Ezagut ezazu zure burua. Eta hori bizitzarako gako bat da. Bi liburuak ikasbidaia bat bezala dira, baina bidaia hau ez da inoiz Itakara heltzen, betiko delako. Orain, oso interesatuta nago poesian. Uste dut poesia dela gertatutakotik hitzera arteko lasterbide bat.
Larrabetzuko historia ere jorratu duzu. Zer, batez ere?
Sustraietara jo dut. Guk arbasoak ditugu; ni jaio nintzen errota baserri batean. Gaur egun, Larrabetzu Bilbo Handiaren inguruan dago, baina sasoi batean nekazari eta abeltzain munduan mugitzen zen, eta errotak izan ziren nolabaiteko protoindustria bat garai hartan. Gizakia, errota eta ura. Ura inportantea da energia iturri bezala. Hasi ziren errotak sortzen, kudeatzen ura non moztu… Bildu nuen hiribilduaren eta burdinolen sorrera. Asmoa zen nire baserriaren historiarekin bat eginda, gure inguruko historia kontatzea. Mendi goiko belarra hobea zen, animaliak egoten ziren, lehenengo baselizak goian egin ziren; jaitsi eta hormak ipini ziren: horrela sortu zen hiribildua. Erdi Aroko sasoi ilunetatik ateratzen hasi ginen burdinolekin, merkataritzarekin, azokekin…
Nola aldatu da?
Nire aitaren garaikoek behiak eduki zituzten, eta kale nagusian animaliak zeuden. Momentu honetan, gutxi dabiltza nekazaritzan eta abeltzaintzan; hiri handi baten barneko herri bat da. Kontraste handia dago, jende eta joera berriak datoz… Eta gatazkak, ideia berriak uztartu arte.
Neurolinguistika ere jorratu izan duzu.
Sasoi bateko lanketa bat izan zen. Sistema bat da aztertzen duena zer hitz edo komunikazio erabiltzen den eta horrek zer-nolako eragina daukan gure mundu neurologikoan. Oso erabilgarria da pertsonekin lan egiteko. Ni irakaskuntzakoa naiz. Ikasi nuena da, alde batetik, beti komunikatzen dugula, eta komunikazioa oztopatzen duten hiru elementu daudela: orokortzea, ez esatea eta desitxuratzea. Hitzak ez dira errugabeak. Pertsona batek bere buruaz esaten duenak eragina du.
Zergatik utzi zenuen?
Bere fasea bete zuen. Hizkuntzaren tresna bat da, baina gero sartu naiz gehiago Claudio Naranjoren Psikologia Integratiboan. Guk umetan patroi bat hartzen dugu, eta Naranjok dio zazpi urteetarako gure nortasuna eginda dagoela. Bederatzi eneatipo handi batzen ditu, izaerari dagozkionak: batzuk, oldarkorrak dira; beste batzuk isilak, lotsatiak, taldekoiak… Izaera bakoitzak baditu gauza positiboak, baina baita hutsuneak ere. Bakoitzaren patroia ezberdina da, eta gertaera baten aurrean erreakzio ezberdinak ditugu.
Proiekturik duzu esku artean orain?
Hasi naiz poesia idazten. Eta enteogenoei buruz idatzi nahi dut. Kontzientzia aldatzeko erabiltzen diren substantziak dira enteogenoak: ayahuasca, adibidez; edo perretxikoetako psilozibina. Guk kontzientzia bat daukagu, animaliek ez dutena: desagertzearena. Psilozibinarekin, batzuek lortu dute sentitzea naturarekin bat direla. Prozesu naturala ematen da: jaio, hazi, ernaldu eta hil. Sentitzen dute berriro sartzen direla prozesuan. Enteogenoen inguruko materiala biltzen ari naiz, eta ikerketak jarraitzen. Ez dira legalak, momentuz.