Espainiako Espetxe Erakundeko Idazkaritza Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailak beste 11 euskal presoren Euskal Herriratzea adostu dute. Orain, Jaurlaritzari egokituko zaio bakoitza zer espetxetara eramango duen erabakitzea.
Julen Atxurra eta Beatriz Etxebarria El Duesoko kartzelatik Euskal Herriratuko dituzte. Atxurra 2013ko azaroan espetxeratu zuten, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da. 2030ean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Etxebarria, berriz, 2011ko martxoan kartzelatu zuten, eta 40 urteko zigorra betetzen ari da. 2041ean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.
Beñat Aginagalde eta Mattin Sarasola, berriz, Dueñastik Euskal Herriratuko dituzte. Aginagalde 2014ko apirilean sartu zuten preso, 40 urteko zigorra betetzeko, eta 2044ko otsailean beteko ditu hiru laurdenak. Sarasola, berriz, 2008ko urtarrilean espetxeratu zuten, eta 40 urteko zigorra betetzen ari da. 2037an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.
Logroñoko espetxean daude Euskal Herriratuko dituzten beste bost preso: Gurutz Agirresarobe, Asier Arzalluz, Harriet Iragi, Iker Olabarrieta eta Andoni Otegi. Agirresarobe 2010eko abuztutik dago kartzelan, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da. 2033an beteko ditu hiru laurdenak. Arzalluz, berriz, 2009ko azarotik dago preso, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da. Datorren urteko apirilean beteko ditu hiru laurdenak. Iragiren kasuan, 2000ko urritik dago espetxeratuta 30 urteko zigorra betetzeko, eta datorren urteko maiatzean egingo ditu hiru laurdenak. Olabarrieta 2005eko martxoan kartzelatu zuten hogei urteko zigorra betetzeko, eta 2020ko martxoan bete zituen hiru laurdenak. Otegi, berriz, 2008ko urriaz geroztik dago giltzapean, 30 urteko zigorra betetzeko. 2031ko apirilean beteko ditu hiru laurdenak.
Itziar Moreno, berriz, Madrilen dago preso joan den abuztuaren 5etik. Frantzian ezarritako hamabost urteko zigorra betetzen ari da, eta 2019an bete zituen hiru laurdenak.
Azkenik, Iratxe Sorzabal ere Euskal Herriratuko dute: Estremeratik. Behin-behineko espetxealdian dago, Frantziak joan den irailean Espainiaratu eta gero.