Energia

Eusko Legebiltzarrak autokontsumoa sustatzeko tramiteak laburtuko ditu

Gaur egun udal lizentzia bat behar da instalazio horiek jartzeko, eta EH Bilduk proposatu du nahikoa izan dadila administrazio aldez aurretik jakinaraztea.

Eguzki panelak eraikin baten teilatuan. ANDONI CANELLADA (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 13a
12:14
Entzun

Eusko Legebiltzarrak onartu egin du energia autokontsumoko egitasmoak bizkortzeko EH Bilduk eginiko eskaera. Administrazio tramiteak laburtzeko eskatu du eraikinetan eguzki plakak jartzeko eta etxean ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak jartzeko; horretarako, Lurzoru Legeko puntu bat aldatzea proposatu du.

Gaur egun, udal lizentzia bat behar da instalazio horiek jartzeko, eta koalizio abertzaleak eskatu du nahikoa izan dadila administrazioa aldez aurretik jakinaraztea. Dena den, salbuespen batzuk proposatu ditu, zeinetan lizentzia hori beharrezkoa izango litzatekeen: kultur intereseko ondasun deklaratutako eraikinetan, ingurumen inpaktuaren ebaluazioa behar denean, edo eraikinen zimenduei edo egiturari eragiten dietenean.

Eskaera babestu dute EAJk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk. PP-Ciudadanos abstenitu egin da, eta Voxek aurka bozkatu du. Egitasmoari zuzenketak jartzeko epea zabalduko da orain.

EH Bilduko Mikel Oterok prozedura azkartzeko eskatu du, «ahalik eta denbora laburrenean» indarrean egon dadin. Azpimarratu du «eskala txikiko instalazio horiek berehalako onurak» dakartzatela trantsizio energetikoa bizkortzeko. Gogoratu du proposamena bat datorrela Europako Batasunak arlo horretan eman dituen irizpideekin eta Nafarroak, esaterako, jada lege aldaketak egin dituela bide horretan.

Unai Grajales EAJko legebiltzarkideak azaldu duenez, bere taldeak «koherentziagatik» babestu du testua. PSE-EEko Alberto Alonsok nabarmendu du bere alderdiak autokontsumo elektrikoaren aldeko apustu «irmoa» egiten duela. Elkarrekin Podemos-IUko Gustavo Angulok esan du «beharrezkoa eta premiazkoa» dela oztopo burokratikoak murriztea eta tramiteak azkartzea, eta energia enpresa publiko bat sortzeko beharra azpimarratu du. PP abstenitu bada ere, talde horretako legebiltzarkide den Muriel Larreak esan du legedia berrikusi behar dela administrazio tramiteak laburtzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.