EUSKAL PRESOAK

Jon Agirre Agiriano preso ohia hil da

2011n geratu zen libre, 30 urte espetxean igaro eta gero.

Agirre Agirianok EPPKren izenean sinatu zuen Gernikako akordioa, 2011ko irailean. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2022ko urriaren 13a
10:10
Entzun

Jon Agirre Agiriano euskal presoa hil da, Mondraberri.eus atariak zabaldu duenez. Agirrek 30 urte egin zituen espetxean, eta 2011ko maiatzean geratu zen aske, 69 urte zituela. Aramaion (Araba) jaioa zen, 1942an, eta 1981eko maiatzaren 11n atxilotu zuten, ETArekin harremanak zituela egotzita.

Geroztik, Carabanchel, Puerto I.a, Alcala-Meco, Herrera de la Mancha, Langraiz, Ocaña, Sevilla, Tenerife, berriro Alcala-Meco, Valdemoro, Tenerife II.a, Huelva II.a, Malaga, Logroño, Martutene eta Basauriko espetxeetan izan zuten. Jarri zioten zigorra 2006ko urriaren 28an bete zuen —hiru hilketa egitea leporatu zioten—, baina, Parot doktrina zela medio, zigorra luzatu zioten. Espetxean, gaitz ugari eduki zituen: aldakan artrosi orokorra, diskoko hernia eta diabetesa.

Libre zela, Agirrek sinatu zuen Gernikako Akordioa Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren izenean, 2011ko irailaren 25ean. Gaur egingo diote azken agurra, Arrasateko Aldai parkean (Gipuzkoa), 19:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.