Energia trantsizioa «bai edo bai» berriztagarriekin egin behar da, «baina ez edozein preziotan». Hori adierazi du gaur Nagore Alkorta Azpeitiko (Gipuzkoa) alkateak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Azpeitiko Udalak Piaspe proiektu eolikoa jendaurrean aurkeztu zuen atzo, bilkura eztabaidatsu batean.
Ikusi gehiago:«Zero puntuan» dagoen proiektu eolikoa aurkeztu du Azpeitiko Udalak
Dena den, Alkortak ontzat eman du Soreasu antzokian egindako biltzarra. Gehitu du «bide oso luze baten hasiera» soilik izan zela, eta iragarri du herriko hainbat eragilerekin elkartuko dela gaiaz jarduteko, eta euren proposamenak entzuteko eta zalantzak argitzeko. Atzokoa «gardentasun ariketa bat» izan zela ere esan du. Dena den, alkateak azpimarratu du ezinbestekoa dela klima larrialdiari aurre egiteko «plangintza energetiko bat».
Aitortu du atzoko bilkura, ia hiru ordukoa, ez zela erraza izan, eta «tentsio uneak» izan zirela. Hori, ordea, espero zuen: «Irailaren 13an lehendakaritzatik informazioa atera zenetik, zirku mediatiko bat bizi izan dugu».
«Profil ezberdinetako pertsonak espero genituen, baita proiektuaren aurka dagoen jendea ere, baina asanblea azpeitiar guztiekin egin nahi genuen, ez alde daudenekin bakarrik», esan du.
Amaitzeko, adierazi du «osagai bereizgarri bat» ikusten duela Statkraften proposamenean: «Erakundeen parte hartzea bermatzen du, baita azpeitiarrena eta bertako enpresena ere».
Piaspe proiektua
Bost haize errota, bakoitza gehienez 205 metrokoa eta 24.300 etxerentzako elektrizitatea sortzeko gauza izango direnak. Horixe da hitz gutxitan Piaspe, Statkraft enpresak Azpeitia, Errezil eta Zestoa (Gipuzkoa) artean egin nahi duen parke eolikoaren deskribapena. Norvegiako enpresak eta udalak atzo eman zituzten herritarren aurrean azalpenak. Bertan izan ziren, Alkortaz gain, Josu Labaka Estrategia eta Hirigintza zinegotzia eta Statkraft enpresako ordezkari Jon Zayas eta Luis Miguel Alvarez.
Alkortaren esanetan, batzarraren helburua izan zen informazioa «gardentasun osoz eta inolako filtrorik gabe» ematea. Nabarmendu zuen, gaur egin duen moduan, Azpeitiko Udala ez dagoela «itsu-itsuan» proiektuaren alde, baina klima larrialdiaren aurrean ekiteko garaia dela, eta Statkraften proiektuak eredu propio bat lantzeko aukera ireki dezakeela, jabetza partekatuaren bidez. Baina oraindik aztertzeko dago, bai proiektua bera, bai eredu berri baterantz joko duen. Labakak esan zuen Piaspe «zero puntuan» dagoela oraindik.