Zaldibarko hondamendia

Eusko Jaurlaritzak 300.000 euroko zigorra ezarri dio Verterri

Lan eta Enplegu Sailak leporatu dio «laneko arriskuen prebentzioaren alorrean arau hauste oso larriak» egitea.

Zaldibarko zabortegiko lanak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 11
13:50
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak 300.000 euroko zigor ekonomikoa ezarri dio Verter Recycling 2002 SM enpresari, «laneko arriskuen prebentzioaren alorrean arau hauste oso larriagatik». 2020ko otsailean amildu zen Zaldibarko (Bizkaia) zabortegia, eta luiziak azpian harrapatu zituen Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak.

EAEko Aldizkari Ofizialean atzo argitaratu zenez, Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendari Angel Lapuentek ezarri dio zigorra enpresari, Lan Arloko Arau Hauste eta Zehapenei Buruzko Legearen testu erantsiko 13.10 artikulua oinarri hartuta: «Laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betez lan baldintzei aplika dakiekeen beste edozein prebentzio neurri ez hartzea, baldin eta lan baldintza horien ondorioz langileen segurtasun eta osasunerako arrisku larria eta berehalakoa sortzen bada».

Zigorra ezartzeko prozesuaren beste zenbait datu ere ematen ditu ebazpenean; besteak beste, epeen berri. Argitaratutakoaren arabera, Bizkaiko Lan eta Gizarte Segurantzako Inspekzioak iazko irailaren 13an egin zuen arau-hauste akta, eta ebazpena aurtengo martxoaren 1ean iritsi zen; apirilaren 11n bihurtu zen behin betiko, haren aurkako helegiterik aurkeztu ez zutelako. Halere, zigorra buletinean argitaratzeko agindua irailaren 27an eman zuen Lapuentek, bost hilabete geroago, eta atzo argitaratu zen.

Ingurumen kalteak

Lurtek geoteknia aholkularitza enpresako bi geologo ziren gaur deklaratzerakoak, zabortegiko amiltzeak ingurumenean eragindako kalteak aztertzen ari den epailearen aurrean, baina uko egin diote. Verterrek eskatuta, enpresa hark Zaldibarko zabortegiaren egonkortasun ikerketa egin zuen 2019ko maiatzean, baina Cedex ikerketa zentroak ezbaian jarri zuen hura. Perituek ondorioztatu zuten zabortegiak itxita behar zuela. Haien esanetan, utzikeria eta kontrol egokiaren falta egon ziren azpiegituran. Langile ohiek ere segurtasunaren gaineko axolagabekeria azaleratu zuten epailearen aurrean.

Bien bitartean, enpresa likidazio prozesua egiten ari da. Iazko irailaren 21ean, inspekzioak akta bideratu eta zortzi egunera, Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Verter Recycling 2002 SM enpresaren likidatzeko erabakia. Jose Ignacio Barinaga Egia enpresaren sortzaile eta presidentearen bi iloba izendatu zituzten likidatzaile, zabortegiaren kudeatzailea zena bata, Arrate Bilbao Barinaga, eta enpresaren akziodunetako bat bestea, Elena Susaeta Barinaga.

Zigorraz gain, Jaurlaritzak urrian iragarri zuen 28,7 milioi euro eskatu zizkiola enpresari, hondamendiaren ostean egin behar izan ziren lanengatik. Enpresak 15,1 milioi euroren mozkin garbiak izan zituen ireki zutenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.