Beasaingo CAF trengileak eskaeren poltsa are gehiago beteko du gaur bertan Espainiako Renfek jakitera eman duen lehiaketa baten emaitza dela eta. 290 milioi euroko kontratu bat da, eta eskaera horrek ekarriko duen lan kargak garrantzia izango du Gipuzkoako konpainia horretan.
Espainiako Renfe udan zen ixtekoa martxan duen lizitazio handi horren epea, eta, kudeatzaile publikoak berak BERRIAri berretsi zionez, Beasaingo CAF da eskaintza aurkeztu duen konpainia bakarra. 290 milioi euroren truke 28 tren elektriko eskatu ditu Madrilek, eta hamabost urteko mantentze lanak egitea. Distantzia ertainean aritzeko ibilgailuak dira. Kontratu horretan, gainera, beste 42 tren eskatzeko aukera zabaldu du Renfek, eta aukera hori gauzatzen badu, eskaera 500 milioi euro ingurukoa litzateke, azkenereako.
Baina zergatik aurkeztu du soilik CAFek eskaintza sektoreko eragileen fakturazioa kontua asko gizentzeko gai den kontratu horretarako? Badira bi aldagai behintzat egoera ezohiko hori azaltzeko. Lehena kontratuaren ezaugarriei dagokie, eta azken urteetan Renfek egin dituen megakontratuen adjudikazioen testuinguruari.
Aurreko urteko apirilean, Renfek bertan behera utzi zuen 1.300 milioiren truke 72 tren egiteko lehiaketa bat, eta eskaera hori bitan banatu zuen: 483 milioi euroko kontratu bat sortu zuen, 57 tren elektriko egiteko. Lehiaketa hori hala egitea erabaki zuten CAFen eta Talgoren neurrira egon zedin, jatorrizko 72 tren horiek hidrogeno bidezko trakzioa izan zezaten nahi baitzituen Renfek, Europako funtsen hauspoa baliatzeko. Hidrogenoaren baldintza horrek, ordea, lehiaketatik kanpo utziko zituen CAF eta Talgo, oraindik ez baitute teknologia hori ez batak eta ez besteak, nahiz eta garatzen hasi diren; Iberdrolarekin batera ari da CAF hidrogeno trenaren proiektuan.
Renferen azken megakontratua, 2.726 milioi eurokoa, Alstomentzat eta Stadlerrentzat izan zen, iazko martxoan, eta Renfek badu nolabaiteko zor bat CAFekin: kudeatzaileak bere eskaeretatik kanpo utzi du Beasaingo enpresa, Espainian sektore horretako enplegatzailerik handiena den arren. Izan ere, 2016ko azaroan, Talgorentzat izan zen 2.600 milioi euroko beste kontratu handi bat. CAFeko zuzendaritzari oso gaizki iruditu zitzaion adjudikazio hori, eta helegiteak ere egon ziren tartean. Orain, itxura guztien arabera, euskal konpainiaren txanda helduko da.