Durangoko Azoka

Durangoko Azokak bere «unibertso osoa» berreskuratuko du abenduaren 7tik 11ra

Pandemia aurreko azoka berreskuratuko du Durangok, eta online dendari ere eutsiko dio Gerediaga elkarteak. Ruben Ramos sortzaileak egin du aurtengo kartela, eta "eztanda" izan du ardatz.

57. DUrangoko Azokako kartelaren aurkezpena, gaur, Durangoko Landako gunean. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
Inigo Astiz
2022ko urriaren 11
11:28
Entzun

Murrizketekin egindako bi azokaren ostean, 57. Durangoko Azoka «osoa» izango dela iragarri dute Gerediaga elkarteko ordezkariek. Abenduaren 7tik 11ra egingo dute, eta ohiko itxura berreskuratuko du. Ikasle Goizarekin hasiko dute egitaraua berriz ere, ekitaldiz beteta egongo dira azoka osatzen duten gune guztiak, eta salmahaien alokairua ere «martxa onean» doala azaldu dute. Eta horregatik aurtengo leloa: Eztanda. Ideia horixe izan du ardatz Ruben Ramos sortzaileak kartela egiteko ere. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria baikor aritu da 57. azokaz, eta poza ere azaldu du ohiko martxa berreskuratu ahalko dutelako: «Egoera zaila izan arren, azokak bizirautea eta aurrera egitea lortu du. Aurten, zorionez, ospatzeko garaia iritsiko da».

2020ko estualdia izan du gogoan Mujikak. «Azoka egin ala ez egin aurkitu ginen, eta sortzaile, eragile, kulturzale eta babesle askoren babesari esker lortu genuen azokak bizirautea». 2021ean ere murrizketekin egin behar izan zuten azoka, eta orduan bizitako «ziurgabetasun egoera» nabarmendu du Mujikak. Aurten, espero, espero dute pandemiaren aurreko bisitari eta salmenta kopuruetara itzultzea. «Baina ez da erraza esatea». Standak jartzeko orain arte jasotako eskariak ikusita, baina, oraingoz, Mujikak aurreratu duenez, «ez du itxura txarrik».

Plateruena ere zabalilk

Gainerako ohiko guneekin batera, Plateruena ere zabalik egongo da azoka egunetan. Orain itxita dago, baina espazioa berriz ere martxan jartzeko lanean ari da Durangoko Udala, eta hautatua dute haren nondik norakoak erabakiko dituen lantaldea ere. Urte amaierarako irekita egotea espero du horregatik Ima Garrastatxu Durangoko alkateak, baina, edozein moduz, ziurtatu egin du ezen abenduaren 7tik 11ra bitartean, azokak iraun bitartean behintzat, ateak irekiko dituztela. Ahotsenea guneko kontzertuak egingo dira bertan.

Ikasle goiza ere berreskuratuko dute azokaren lehen egunerako. Milaka ikasle izango dira Landako gunean, ondorioz, eta aurten, lehenengoz, ikasleentzako ez ezik, hezitzaileentzako tailerrak ere antolatu dituzte.

Online denda

Azoka analogikoaz gain, online denda ere izango du aurtengo azokak. Printzipioz, salbuespen neurri modura sortu zuten 2020an, pandemia betean, osasun krisiak eragindako murrizketekin ere aurrera egiteko. Iaz ere mantendu egin zuten, eta, aurten, azokaren ohiko itxura berreskuratuta ere, urteko nobedadeen erosketak webgunean egiteko aukera eskainiko du azokak. Zuzenekoak streaming bidez ere ikusi ahalko direla iragarri dute, bestalde.

Landako guneak ateak itxi ondoren ere, abenduaren 11tik aurrera ere, hainbat liburu dendatan jarraituko du Durangoko Azokak antolatutako egitarauak, «Zu non, han DA!» izeneko kanpainaren bidez. Hirugarren urtez antolatu dute programa hori, eta, aurten, lehenengoz, liburu aurkezpenak ere antolatuko dituzte programarekin bat egiten duten denda horietako batzuetan.

Erakundeen babesa

Erakunde publikoetako ordezkariak ere egon dira kartelaren aurkezpenean. Durangoko Azokaren «egonkortasuna» nabarmendu du Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, eta Eusko Jaurlaritzak babestu egingo duela ziurtatu. «Euskadin erreferenteak diren proiektuak behar ditugu, eta Durangoko Azoka da horietako bat, eta horrek esan gura du proiektu honek egonkortasuna daukala, eta erakunde publiko eta erakunde pribatuen arteko elkarlana da hori lortzeko bidea». Eta hori «balio» modura hartu behar litzatekeela uste du.

«Normaltasunera» itzultzea pozgarria dela adierazi du, esaterako, Xabier Arauzo Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak, eta esker ona azaldu die Gerediaga elkarteko ordezkariei eta azokaren antolakuntza talde osoari. Urteotan agertu zaizkion «erronka berriak» ere izan ditu gogoan, hala nola musika kontsumitzeko bideen aldaketak eragindakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.