Erdiz Bizirik plataformak meategi proiektuaren kontrako manifestazioa eginen du bihar

Eskualdeko herri eta eragile sozial andanak babestu dute mobilizazioa

Erdiz Bizirik plataformako kideen agerraldia Elizondon (Baztan, Nafarroa), joan den irailean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 11
11:24
Entzun

Erdiz Bizirik herri plataformak joan den astean egindako prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, bihar Erdizko meategi proiektuaren kontrako mobilizazioa izanen da. Elizondoko (Baztan, Nafarroa) plazatik abiatuko da, 17:00etan, eta bertako nekazarien azienda ere mobilizazioan izanen da. «Azkeneko 500 urteetan egin dugun bezala, gure lurra, kultura eta bizimodua defendatuko ditugu», nabarmendu zuen plataformak prentsaurrekoan. Manifestazioa baino lehenago eta ondoren Erdiz Bizirikeko kideek adierazpenak eginen dituztela iragarri dute.

Egoera zein den ikusita, Baztango (Nafarroa) eta inguruko eskualdeetako eragile sozial eta herri andanak herri plataformaren manifestazioa babestu dute. Baztango hamabortz herrietatik, Almandoz eta Elbetek izan ezik, gainerakoek ekintza babestu dute. Eragileei dagokienez, hauek dira babesleak: Baztandarren Biltzarra elkartea, (H)ilbeltza, Milotxuri, Jo ala Jo, Baztango Rugby Taldea, Zapatillera, Talde Feminista, Baztango Gazte Asanblada, Ernai, GKS, Baztango Zaporeak, EH Bildu, Sortu, Iñarrosi, (talde feminista), Plazara Dantzara, LAB, Talde Ekosoziala, EHNE, Arrantza eta Ehiza Elkartea, Etxalde, Nafarroako AHT Gelditu eta Sustrai Erakuntza.

Hogei urteko ibilbidea

Erdizko eremuan (Baztan, Nafarroa) Magnesitas Navarras enpresak egin nahi duen meategiaren afera 2001. urtean hasi zen, enpresak eremu horretan zundaketak egiteko baimena lortu zuenean. Herritarren artean, albisteak ez zuen harrera ona izan, bertako nekazari aunitzek ez dutelako euren animalia guztiak mantentzeko adina lur propio eta herri lurrak behar dituztelako abeltzain jarduerarekin jarraitu ahal izateko. Erdiz da lur komunal horietako bat, Baztanen (Nafarroa) dauden hiru bazkalekuetatik handiena.

Hala, 2007an Erdiz Bizirik plataforma sortu zen, meategi proiektuari aurre egiteko. Herritarrak mobilizatzea lortu zuen plataformak, 2.000 pertsonatik gora elkartu baitziren meategiaren kontrako manifestazio batean. Hala, hurrengo urteko urtarrilean Magnak iragarri zuen bertan behera uzten zuela meategi proiektua. Hala ere, 2019ko ekainean enpresak adierazi zuen meategiaren proiektua berriz ere martxan jarriko zuela, eta, horretarako, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailean memoria bat aurkeztu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.