Zinema

'Irati' filmaren trailerra sarean ikusgai da jadanik

Kataluniako Zinema Fantastikoaren Jaialdian eman dute filma jendaurrean estreinakoz. Euskal mitologiako pertsonaiak ditu oinarri Paul Urkijoren lanak, eta VIII. mendean giroturik dago.

Irati filmaren fotograma bat. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz - Jon Ordoñez Garmendia
2022ko urriaren 10a
15:48
Entzun

105 segundoko dosia atera dute argitara; ez gehiago, baina bada zer, askorentzat. Hilabeteetako itxaronaldiaren ondotik, azkenik dasta daiteke Irati filma, laburki bada ere. Trailerra argitaratu dute, eta sareetan ikus daiteke jada.

«Aitak egin beharra bete du» dardarti bat. Aitak seme bati eginiko hitzemate eske bat. Lasterraldi bat zaldi gainean. Erronka eta gatazka iradokitzeko adinako musika tentsioz betea. Horiek guztiak eta beste askoz gehiago dakartza trailerrak herritarren begietara, harridura eta desioa pizteko beste elementu, hainbaten iritziz. Izan ere, filmaren laginak dagoeneko ekarri ditu zenbait erreakzio, sareetan batik bat. Zorion mezuak ere ugari.

Filma atzo estreinatu zuten, Kataluniako Zinema Fantastikoaren Jaialdian, Sitgesen (Herrialde Katalanak). Txalo zaparrada luzea jaso zuen filmak estreinakoan, eta hunkiturik azaldu ziren ondoren filmeko protagonistetako batzuk: Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño tartean.

Aurkezpenean, Paul Urkijo zuzendariak azaldu zuen istorioa lokala dela, baina esportatu daitekeela. Paganismoaren amaiera kontatzen du filmak, erlijio handiak Euskal Herrira iritsi ziren garaian; basoan bizi direnek eutsi egin nahi diete lehengo sineskerei. «Euren mundua erlijio handiak iristen direnean aldatzen da, gaur egun bezala enpresa handiekin, zeintzuek dena xurgatzen duten», adierazi zuen Urkijok. Zuzendariak gaineratu zuen filmak ez duela ideologiarik, ez dela kristautasunaz gaizki hitz egiten eta kristauak ez direla gaiztoak. Haren hitzetan, jainkoak aldatuz doazela erakusten du Irati-k.

Euskararen erabileraz aitortzen du «iparraldeko» euskararen ozentasuna eman nahi izan diotela, eta arabieraren eraginez aspirazioa eman diotela eta errima erabili dutela.

Aurkezpenean azaldu zuen, gainera, argi naturalarekin filmatu zutela eta iluntasunean benetako sua erabili zutela. Urkijorentzat «Hollywoodeko film baten itxura» ematen dio horrek. Zuzendariarentzat horrek erakusten du egin litezkeela hemen horrelako proiektuak: «Lokalizazioak aurkitzea da gakoa, mimatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.