Kalte larriak jasan ditu gaur goizaldean Errusia eta Krimeako penintsula lotzen dituen Kertx zubiak. Errusiako agintarien arabera, kamioi batek eztanda egin du, eta, horren ondotik, erregaia zeraman tren bateko zazpi bagoi lehertu dira. Krimeako Gobernuak ez du zehaztu zerk eragin duen kamioiaren leherketa, baina Krimeako Estatu Kontseiluko presidenteak, Vladimir Konstantinovek, Ukrainari leporatu dio gertatutakoa.
Closer look at the collapsed road span of the Crimean bridge pic.twitter.com/ZW1OOAKdns
— OSINTtechnical (@Osinttechnical) October 8, 2022
Ez da inor hil, baina Krimeako zubiaren bi zati erori dira, eta errepidea moztuta geratu da. Itsasontzi bat jarri dute herritarrek Kertxeko itsasartea zeharkatu dezaten. Zubia azpiegitura garrantzitsua da Errusiarentzat Ukraina hegoaldean dituen soldaduak hornitzeko. Hemeretzi kilometro da luze, eta autobide bat eta trenbide bat dauzka. Errusiak Krimeako penintsula bereganatu ondoren, Vladimir Putinek 2018an inauguratu zuen.
Krimeako Trenbidearen prentsa bulegoak jakinarazi du erregaia zeramaten zazpi bagoiek tren baten azkenak zirela, eta Krimearantz zeramatela. Putinek ikerketa bat agindu du zer gertatu den jakiteko, eta Alexander Kurenkov Larrialdietako ministroa eta Vitali Saveliev Garraio ministroa Kertxeko itsasartera joan dira.
— International Observers Ukraine (@INTobservers) October 8, 2022
Ukrainak ez du bere gain hartu oraingoz erasoa, baina Mijailo Podoliak Presidentetza aholkulariak txio batean, hondatutako zubiaren irudi baten ondoan idatzi du: «Krimea, zubia, hasiera». Ukrainako armadak txalotu egin du erasoa beste txio batean.