Baztango meategi proiektuaren aurka mobilizatuko dira urriaren 12an

Adierazi dute Magnesitas de Navarra enpresaren proiektuak baztandarrek «bizirauteko behar» dituzten baliabideak suntsituko dituela; bailarako hainbat herri, elkarte eta antolakunde batu dira deialdira

Manifestazioa iragartzeko prentsaurreko, atzo. ERDIZ BIZIRIK
inaut matauko rada
2022ko urriaren 7a
12:00
Entzun

Artesiaga mendian, Baztanen (Nafarroa), meategi bat egitea onartu zuen atzo Nafarroako Parlamentuak, Navarra Sumaren, PSEren eta Geroa Bairen aldeko botoekin, eta Txibiteren Gobernuari eskatu zioten proiektua «foru intereseko inbertsio» izendatzeko. Erdiz Bizirik taldeak uste du proiektua «baztandar eta nafar guztien kalterako» izango dela, eta urriaren 12an manifestazio bat egingo dutela iragarri zuten atzo prentsaurreko baten bidez. 17:00etan izango da manifestazioa, Elizondoko plazatik abiatuta.

Adierazi dute «multinazionalen mesedetara dauden Gobernuek» tokiko instituzioen «gainetik» pasatu nahi dutela, proiektua foru intereseko izendatu eta UGEP gisa tramitatu nahi dutelako. Baztango Batzar Nagusiak egindako herri galdeketa debekatu dutela adierazi du taldeak.

Urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, egingo dute mobilizazioa. Erdiz Bizirik-ek dio Espainiako erreinuak bere «izaera kolonial eta genozida» ospatuko duela, eta 500 urte beranduago «inposizioaren bitartez» hainbat herriren bizimodua, kultura eta lurrak suntsitzen jarraitzen dutela gehitu dute: «Horren aitzinean, urriaren 12an baztandarrak karrikara aterako gara, eta, azkeneko 500 urteetan egin dugun bezala, gure lurra, kultura eta bizimodua defendatuko ditugu. Gure historia berridatzi nahi duten horiei oroitaraziko diegu Espainiako erreinua existitu baino lehen Erdizen ardiak, behorrak eta Baztango nekazariak zeudela, eta egonen direla Espainiako erreinua desagertu ondotik ere».

Artesiagako meategia

Magnesitas de Navarrak (Magna) argitaratutako txostenaren arabera, 23 urte baino gehiagoko proiektua izango litzateke Artesiagakoa. Lehen urtean prestaketa egin nahi dute; lehen bost urteetan iparraldeko zulotik aterako dute materiala. 6. urtetik 12.era iparraldeko zuloa beteko dute, eta hegoaldeko zulotik materiala ateratzen hasiko dira. 12. urtetik 22.era hegoaldeko zulotik aterako dute materiala. Hortik aurrera, lurra berregokituko dute. Belardiak eta pagadiak jarriko dituzte, baina hegoaldeko zuloa amilburu bihurtuko da betirako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.