Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat egin du gaur. Hala, Nafarroako Gobernuari eskatu diote «foru intereseko inbertsio deklaratu dezala Magnesitas Navarrasek Artesiaga aldean (Esteribar-Baztan, Nafarroa) magnesita ustiatzeko duen proiektua». Alde bozkatu dute Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik, eta kontra EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak.
PSNk sustatu du ebazpena, argudiatuz meategia dela «Esteribarko haraneko (Nafarroa) familia askorentzat gutxienez 25 urtez enplegua eta bizi kalitatea bermatzen jarraitzeko aukera bakarra». Izan ere, Magnesitas Navarrasek badu meategi bat Eugin (Nafarroa), baina, enpresak berak erraten duenez, datozen bost urteetan amaituko da bertako materiala. Hala, Magnak dio Erdizko mendian (Baztan, Nafarroa) bertze meategi bat egitea dela konponbide bakarra Eugiko langileak kalean ez gelditzeko.
Badira, ordea, argudio horiekin bat egiten ez dutenak –Erdiz Bizirik adibidez, 2007an sortutako plataforma bat–. Izan ere, Baztango (Nafarroa) baserritar aunitzek ez dituzte euren animalia guztiak mantentzeko adina lur propio, eta herri lurrak ezinbertzekoak zaizkie abeltzain jarduerarekin jarraitu ahal izateko. Erdiz da lur komunal horietako bat, Baztanen (Nafarroa) dauden hiru bazkalekuetatik handiena. Gainera, Erdizko eremua Natura 2000 sarean integratuta dagoen kontserbazio bereziko eremu bat da, eta, beraz, mugatuta dago bertan jarduera ekonomikoak egitea. PSNk, baina, adierazi du «bateragarriak» direla meategia eta aipatutako abeltzaintza jarduerak.
Herri antolaketa
Egoera zein den ikusita, eta aldaketa guztien berri emateko, Erdiz Bizirik plataformak informazio saioak eginen ditu aste honetan eta hurrengoan, Baztango (Nafarroa) herri guztietan barrena. Gainera, gaur, 19:00etan, prentsaurrekoa egin du Elizondon (Nafarroa), eta datorren urriaren 12rako manifestaziora deitu ditu herritarrak.