Espainiako Senatuak Memoria Demokratikoaren Legea onartu du, eta datozen egunetan sartuko da indarrean

Espainiako Kongresutik jasotako testua aldaketarik gabe onartu du Senatuak. Aldeko 128 boto izan ditu legeak, aurkako 113, eta hemezortzi senatari abstenitu egin dira.

Senatua, gaurko bilkuran. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
inaut matauko rada
2022ko urriaren 5a
20:05
Entzun

Gaurko bilkuran, Espainiako Senatuak Memoria Demokratikoaren Legea onartu du, Kongresutik jasotako testuari aldaketarik egin gabe. PP, Vox, Ciudadanos eta UPN alderdien betoak ukatu ditu kamerak, baita 521 emendakin ere. 128 senatarik bozkatu dute legearen alde, 113k aurka, eta hemezortzi izan dira bozkatu ez dutenak. Jose Luis Zapateroren Gobernuak 2007an onartutako Memoria Historikoaren Legea ordezkatuko du gaur onartutako legeak, eta datozen egunetan sartuko da indarrean, Estatuko Aldizkari Ofiziala eguneratu ostean.

Legearen alde bozkatu dute EAJk eta EH Bilduk, Kongresuan eta Senatuan, eta bi alderdiek aurkeztutako hainbat zuzenketa onartu egin dituzte Gobernuko alderdiek, PSOEk eta Unidas Podemosek, legea onartzeko nahikoa boto izateko. Legea «urrats garrantzitsu» bat dela uste du EAJren Senatuko bozeramaileak, Estefania Beltran de Herediak, baina egiten jarraitu behar den bidea dela gehitu du. 2007ko legea hobetzen duela ere esan du jeltzaleak. Hala ere, oraindik botere publikoen jardunari buruzko informazioa desklasifikatzeko «mugak eta oztopoak» daudela salatu du Beltran de Herediak, eta 1976ko martxoaren 3an Gasteizen Poliziak hildako bost langileen kasuari eta Mikel Zabalzaren hilketari buruzko informazioaren gainean dagoen sekretua kentzeko eskatu du.

«Frankismoaren eta haren gertukoen biktimek merezi duten justiziaren, egiaren eta erreparazioaren zati bat aitortzeko urrats bat egin dugu», adierazi du Gorka Elejabarrieta EH Bilduko senatariak. Hala ere, esan du bidea ez dela amaitu: «Bihar lan egiten jarraitzeko eguna izango da, oinez, memoriaren aldeko mugimenduarekin batera, orain arte egin dugun bezala». Legea aurrera ateratzea aurrerapauso bat dela uste du Elejabarrietak, baina oraindik nazioarteko giza eskubideen parametroetatik «urrun» dagoela gehitu du: «Inbidiaz begiratzen diegu amnistia legeak indargabetu dituzten herrialdeei. Izan ere, amnistia legeak baino, ezkutuko inpunitate legeak ziren, 1977ko Amnistia Legea ere bai; garbigailu politiko eta penala izan zen».

Espainiako 1978ko Konstituzioaren aurka ere egin du Elejabarrietak: «Inbidiaz begiratzen diegu diktadoreek egindako edo diktadoreekin adostutako konstituzioak indargabetzeko prozesu konstituziogileak martxan jartzen ari diren herrialdeei».

Ondorengoak dira lege berriaren berrikuntza garrantzitsuenak:

BIKTIMA IZAERA BERRIA

Jose Luis Rodriguez Zapateroren 2007ko Memoria Historikoaren Legea ordezkatuko du onartu berri duten testuak. Lege berriaren xedea biktimak ekintza politikoaren «erdigunean» jartzea da, eta, horretarako, biktima izendapena nazioarteko giza eskubideen parametroen arabera definituko dute hemendik aurrera. Hala, hildako arbasoen gorpuak berreskuratzea eskubide bat izango da, eta DNA banku bat sortuko dute, lana errazteko. Urriaren 31, Espainiako Gorteek konstituzioa onartu zuten eguna, biktimak omentzeko egun ofiziala izango da, eta maiatzaren 8a, berriz, erbesteratutako biktimen eguna.

Lege berriaren bidez, memoria demokatikorako politiken irizpideak ere ezarriko dituzte. Hala, estatuaren esku geratuko dira desagertutako herritarrak bilatzeko lanak, eta hainbat ikerketa bultzatuko dituzte, indarrez kendutako ondasunen inguruan gehiago jakiteko eta lan behartuak egin zituztenei aitorpena egiteko. Bestalde, nazioarteko brigadetan parte hartu zuten milizianoek eta erbestera joan behar izan zuten pertsonek espainiar herritartasuna lortzeko eskubidea izango dute.

Horrez gain, 1936ko estatu kolpearen biktimak «gutxiesteko eta umiliatzeko helburua» duten eta frankismoa goraipatzen duten fundazioak debekatuko ditu lege berriak. Erorien Harana kudeatzen duen fundazioa ere desegingo du legeak, eta mausoleoaren esanahia eta helburua aldatuko dute. Aurrerantzean, 1936ko gerrako bi bandoetan ariturikoei egingo dio omen, eta mausoleoaren eraikuntzaren zergatiak eta orduko egoera historikoa gizarteratzea izango du helburu.

HIZKUNTZAK BIKTIMA

Hizkuntzei dagokienez, euskara, katalana eta galiziera, eta hizkuntza horien komunitateak frankismoaren biktima izango dira oraindanik, eta diktadura frankistan pairatu zuten jazarpena aitortuko du legeak.

LA CUMBRE ETA EZKABA

EH Bilduk egindako proposamenari esker, Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune izendatuko dituzte. Gotorlekua Espainiako eta Nafarroako gobernuen arteko hitzarmen baten bidez kudeatuko dute, eta La Cumbre Donostiako Udalaren esku geratuko da. Bestalde, legeak baditu diktadura frankistaren garaiko Parisko Eusko Jaurlaritzaren egoitza ohia berreskuratzeko mekanismoak ere, eta, EAJk lortzen badu frogatzea egoitza hori Eusko Jaurlaritzarena zela, egoitza berreskuratzeko edo konpentsazioa jasotzeko aukera izango du.

1978TIK 1983RA

Giza eskubideen urraketaren bat izan dezaketen kasuen ikerketa judiziala 1978ra mugatuko da, konstituzioa onartu zen urtera. Hori dela eta, GAL talde armatuaren krimenak eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren hilketak ez dituzte ikertuko. Hala ere, EH Bilduren zuzenketak bidea irekiko du 1978tik 1983ra bitartean 2007ko legetik kanpo geratu ziren gertakariengatik aitortza eta erreparazioa lortzeko. Horretarako, batzorde tekniko bat sortuko dute, legea indarrean sartzen denetik gehienez urtebetera, eta «demokrazia egonkortzearen eta oinarrizko eskubideen alde borrokatu ziren» pertsonen aurkako eskubideen ustezko urraketak ikertuko dituzte.

EPAI FRANKISTAK, BALIOGABE

Erregimen frankista eta, beraz, diktadura garaiko organo judizialak ez-legitimoak eta legez kontrakoak izango dira hemendik aurrera. Neurri horri esker, Espainiako Konstituzioa onartu baino lehen epaitegi frankistek zigortu zituzten pertsonek eskatu ahal izango dute epaiak legez kanpoko izendatzea. EH Bilduk, PDeCATek eta Mas Paisek lortu dute neurri hori aurrera ateratzea.

ONDASUNEN ITZULKETA

EAJren proposamenez, alderdi politikoek eta sindikatuek eskubidea izango dute 1936ko gerran kendu zizkieten agiri, ikur, kartel eta banderak bueltan jasotzeko, betiere Estatuaren Administrazio Orokorraren esku badaude ondasun horiek.

IKERKETARAKO BATZORDEA

Memoriaren Kontseiluak estatu mailako batzorde bat sortu beharko du, akademikoa, aldi baterakoa eta ez-judiziala. Batzorde horrek gerran eta diktaduran jazotako giza eskubideen urraketak ikertuko ditu. EH Bilduk egin du zuzenketa, eta «bizikidetza demokratikoari» mesede egitea nahi dute. Horretarako, giza eskubideen esparruan eta akademian ibilitako pertsonak egongo dira batzordean.

DATU BASEAK, ESKURA

1936ko gerrari eta diktadurari buruzko dokumentazioa errazago eskuratu ahal izatea lortu du EAJk. Legeak xedapen berri bat izango du, interesa duen edonork informazioa errazago lortzeko. Hala ere, ez dira eskuragarri jarriko agiri historiko guztiak, sekretupean mantendu beharrekoek horrela jarraituko baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.