Nobel sariak

Carolyn R. Bertozzi, Morten Meldal eta K. Barry Sharpless ikerlariei eman diete Kimikako Nobel saria

'Click Kimika' arloan egindako aurrerapenengatik saritu dituzte.

Kimikako Nobelaren hiru irabazleak. THE NOBEL PRIZE
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 5a
12:33
Entzun

Carolyn R. Bertozzi, Morten Meldal eta K. Barry Sharpless ikertzaileek irabazi dute Kimikako Nobel saria. Carolyn R. Bertozzi eta K. Barry Sharpless Estatu Batuetakoak dira, eta Morten Meldal, Danimarkakoa. Sharplessek eta Mendalek Click Kimika izeneko eredu berriari bidea ireki diote, «non molekulekin eraikitako blokeek elkarrekin azkar eta modu eraginkorrean ahokatzen duten», azaldu du Stockholmeko Karolinska institutuak. Bertozzi ikerlariak, berriz, «Click Kimika dimentsio berri batera eraman du, eta organismo bizidunekin erabiltzen hasi da», gehitu du institutuak. Bertozzik lortutako azken erreakzio horiek, bertzeak bertze, «minbiziaren kontrako tratamenduak bideratuagoak izaten laguntzen du», azaldu du Karolinska institutuak.

Kimikako Nobel saria izan da banatu den hirugarrena. Aste honetan zehar jakinarazi dira Medikuntzako Nobel sariaren irabazlea —Svante Paabo suediarra— eta Fisikako Nobelaren irabazleak ere —Alain Aspect, John F. Caluser eta Anton Zeilinger—. Datozen egunetan jakinaraziko dira gainerakoak —literaturakoa, bakearen arlokoa eta ekonomiakoa—.

Kimikako saria

Kimikako 113 Nobel sari banatu dira 1901 eta 2021 bitartean, eta saritu horietatik zazpi bakarrik izan dira emakumeak —Bertozzirekin bederatzi izanen dira—. Frederic Joliot izan da historian sari hori jaso duen pertsonarik gazteena: 35 urterekin saritu zuten, 1935. urtean. John B. Goodenough izan da sari hori irabazi dutenetan zaharrena, eta baita Nobel sari bat irabazi duen pertsonarik zaharrena ere: 97 urterekin saritu zuten. Frederick Sanger izan da Kimikako Nobel saria bi aldiz irabazi duen pertsona bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.