Ikus-entzunezkoak

Gazteen kezkak, geruza artean argitara

Jakin-ek eta Elkarrek Geruzak egitasmoa sortu dute. Ikus-entzunezko dokumentalen bidez, pentsamendu kritikoa sustatu nahi dute. Gazteak elkarrekin hizketan jarri dituzte horretarako.

Aaitz Aizpuru, Lorea Agirre eta Miren Dobaran. ANDONI ANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
2022ko urriaren 4a
16:53
Entzun

Gazteen eguneroko kezka eta galderetatik abiatuta, euskaraz kultura, feminismoa, soziolinguistika eta pentsamendua landuko dituen ikus-entzunezko proiektu bat abiarazi dute Elkarrek eta Jakin-ek: Geruzak. Pentsamendu kritiko eta autonomorako espazio bat sortu nahi izan dute, ikus-entzunezko dokumentalen —20-25 minutu ingurukoak— eta material osagarrien laguntzaz, eztabaida eta kultur transmisioa bultzatzeko. Bereziki 16-22 urte bitarteko gazteentzakoak dira edukiak. Interneteko sare sozialetan ere profilak sortu dituzte (Twitter, Instagram, Tiktok eta Youtube), eta dokumentalak Geruzak.eus webgunean estreinatuko dituzte. Aurrenekoa, hilaren 19an, Donostian egingo duten ekitaldi batekin batera.

Egitasmoa Gipuzkoako hiriburuan aurkeztu dute gaur, eta bertan Jakin-eko zuzendari Lorea Agirrek adierazi du hiru kezka partekatu dituztela Jakin-ek eta Elkarrek: «Euskal kulturaren transmisioa, eta bereziki belaunaldi gazteei nola iritsi eta nola eman; bigarrena pentsamendua, ezagutza eta iritzi kritikoa hauspotzea lantzeko espazioak irekitzea; eta euskararen normalizazioan urratsak egiten joatea, balio izango duten lanak eta egitasmoak plazaratuz». Hiru kezka horietatik abiatuta eta horiei erantzuteko sortu dute Geruzak. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailari esker egin dute aurrera proiektuarekin.

Agirreren arabera, argi zuten egitasmoa gazteekin egin behar zutela. «Gazteak hizketan jartzea erabaki genuen». Gazteak euren ideiak partekatzen, harilkatzen, osatzen azalduko dira dokumentaletan, «elkarren aurrean biluziz eta elkar jantziz». Hamar gazte dira lehen sei dokumentaletako protagonista nagusiak. «Elkarrizketan jarri ditugu, elkarrekin hitz egin dezaten. Gazteek euskaratik pasatu ditzatela garrantzitsuak, beharrezkoak eta zer esana duten gai horiek».
Atal bakoitza gai bati eskainia dago. Desira da lehen mintzagaia, eta ondotik iritsiko dira sormena, askatasuna, boterea, ondo bizitzea eta taldetasuna.
Egitasmoko sustatzaileek azaldu dute lanen publiko espezifikoa gazteak direla, baina gazteak ez direnentzat ere zuzenduak daudela. «Edonork ikus eta erabil ditzake».

Elkar argitaletxeko ordezkari Alaitz Aizpuruk azaldu duenez, dokumental bakoitzeko gaia ertz desberdinetatik landuko dute. «Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko, kultural eta politiko desberdinetako gazteak ageri dira, atal bakoitzean bost gazte». Oraingoz, sei dokumental egin dituzte —Lander Garro idazle eta zinemagileak zuzendu ditu—, eta datorren urtean beste hiru egingo dituzte.

Gazteen elkarrizketen osagarri, Markos Zapirain eta Shukare Otero adituen irakurketak ematen dio forma dokumental bakoitzari. Egitasmoaren logoa, beste alde batetik, Txakur Gorria kolektiboak sortu du.

Gainera, Geruzak.eus webgunean beste osagai lagungarri batzuk egongo dira, bereziki hezkuntzan eta aisialdi taldeetan erabili ahalko dituztenak. Aizpuruk iragarri zuenez, gaikako kaiera batzuk osatu dituzte —hezkuntza zentroetan baliagarri izan daitezke gaiak lantzeko—. Halaber, kultur transmisioa indartzeko xedez, kultur diziplina desberdinetako adituen erreferentziak gaineratuko dituzte —ikus-entzunezko gaiei lotuak—. Oraingoz, literatura, musika, artea, bertsolaritza eta dantza arloetako erreferentziak emango dituzte adituek. Asmoa dute etorkizunean antzerkia, pentsamendua eta feminismoarekin ere osatzea.

Ikus-entzunezkoak tantaka joango dira publiko egiten webgunean —landu nahi dituztenek, hala ere, pasahitza eskatu ahalko diete arduradunei—. Lehen ikus-entzunezkoaren estreinaldia Donostian egingo dute, hilaren 19an; bigarrena Tuteran (Nafarroa) egingo dute azaroko bigarren hamabostaldian; eta hirugarrena, abenduaren 9an, Durangoko Azokan (Bizkaia).

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan du euskaratik sortutako «kalitatezko» ikus-entzunezkoak direla Geruza egitasmokoak. «Hizkuntza politikaren zehar lerroko gaiekin bat egiten dute lanek: feminismoa, soziolinguistika, iritzi kritikoa... eta gazteekin osatuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.