Alain Aspect, John F. Caluser eta Anton Zeilinger ikertzaileek irabazi dute Fisikako Nobel saria. Alain Aspect frantsesa da, John F. Caluser estatubatuarra, eta Anton Zeilinger austriarra. Stockholmeko Karolinska institutuaren erranetan, ikerlari horiek «esperimentu apurtzaileak» egin dituzte. Institutuak nabarmendu du, gainera, elkarketa egoeran dauden partikulak «kontrolatzeko eta ikertzeko potentziala» erakutsi dutela. Hala, haien lanak «oinarriak ezarri dizkio teknologia kuantikoaren aro berri bati». Sariaz gain, 916.000 euro jasoko dituzte irabazleek.
Fisikako Nobel saria izan da banatu den bigarrena. Atzo jakinarazi zen Medikuntzako Nobel sariaren irabazlea —Svante Paabo suediarra—, eta datozen egunetan jakinaraziko dira gainerakoak —literaturakoa, bakearen arlokoa eta ekonomiakoak—.
Fisikako saria
Fisikako 115 Nobel sari banatu dira 1901 eta 2022 bitarte, eta saritu horietatik lau bakarrik izan dira emakumeak —Marie Curie, Maria Goeppert-Mayer, Donna Strickland eta Andrea Ghez—. Lawrence Bragg izan da historian sari hori jaso duen pertsonarik gazteena: 25 urterekin saritu zuten, bere aitarekin batera, 1915. urtean. Arthur Ashkin izan da sari hori irabazi dutenetan zaharrena: 96 urterekin saritu zuten. John Bardeen izan da Fisikako Nobel saria bi aldiz irabazi duen pertsona bakarra.