Jin, jiyan, azadi / Emakumea, bizitza, askatasuna. Lelo hori ahotan, euren burua grabatu dute Euskal Herriko zenbait sortzailek, egunotan Iranen eta haren menpeko Kurdistanen agintari erlijioso-politikoen indarkeria pairatzen ari diren emakumeei elkartasuna adierazteko.
Tartean dira Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolari eta idazleak, Itziar Ituño aktorea, Idurre Eskisabel idazle eta kazetaria, Danele Sarriugarte idazle eta itzultzailea, Nerea Loiola idazlea, eta Oihana Bartra eta Amaia Iturriotz bertsolariak. Zorrotz.eus plataformak zabaldu du bideoa.
Irailaren 13an, beloa «gaizki jantzita» zeramalako, Moralaren Poliziak atxilotu hil zuen Tehenaren Mahsa Amini 22 urteko emakumea. Polizia etxera eraman eta gutxira «bihotzekoak» eman ziola adierazi zuen Irango Poliziak, baina harekin atxiloturik zeuden hainbat lekukok adierazi dute emakumea jipoitu egin zutela, garunean odol isuria eragin arte. Hiru egun egin zituen erietxean, koman, eta irailaren 16an hil zen. Aminiren familiak salatu du oraindik ez duela ikusi medikuen txostena.
Heriotzak protesta olde handia eragin du Iranen eta Kurdistanen. Ehunka herritar kalera atera dira hiru astez, Emakumea, bizitza, askatasuna leloa ahoan hartuta. Islamiar Errepublika amaitzeko eskatu dute.
Irango agintariek gogor erantzun diete protestei. Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 92 herritar hil dituzte dagoeneko.
Ali Khamenei lider gorenak, berriz, salatu du AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek «diseinatu» dituztela protestak.