Lehenbiziko aldiz, posible da hegaluze baten migrazio ibilbide osoa marraztea. Orain arte, informazio falta zela-eta, nekez zen jakiterik animalia espezie horrek non ematen duen negua. Baina argitu dute erantzuna azkenik: Ozeano Atlantikoaren mendebaldeko zonetan hibernatzen du hegaluzeak, Euskal Herritik «oso urrun», ikerlarien esanetan, eta sakonera handiko uretan murgildurik. Azti ikerketa taldeak egin du aurkikuntza.
«Neguan, hegaluzeak Atlantikoko oso urruneko zonak bisitatzen ditu (mendebaldean), non sakonera handian bizi baita (ehunka metroraino; han, tretza bidez arrantzatzen da); Bizkaiko golkora egiten duen bisitan, berriz, gainazaletik gertu barreiatzen da, eta hor beita bizia, kaza eta arraste pelagikoa erabiliz harrapatzen da», azaldu dute Aztikoek.
Miaketa gailu txiki batek eman dio bide aurkikuntzari. Aztik jakinarazi duenez, orain dela bi urte hasitako ikerketari esker eskuratu dute orain arte falta zuten informazioa. Iñigo Onandia itsas ikertzaileak marka elektroniko bat ipini zion hegaluze bati, erraietan, animaliak ondoko hilabeteetan eginen zuen ibilbidea erregistratzeko. Bizkaiko golkoan jarri zion gailua, hegaluzeak artean 70 zentimetro luze zelarik eta zazpi kilo pisatzen zuelarik.
Lehen urratsa egina zen, beraz, baina konplikatuena falta zen artean: inork aurkitu beharko zuen hegaluze horixe bera handik hilabete batzuetara. Bada, bete zen asmoa: Irlandako hegoaldean hartu zuten arraina, orain dela zenbat hilabete.
Frantziako Vincent Galland ontziak harrapatu zuen, eta, arrainak barrenean zuen marka elektronikoa ikusita, Azti Laborategira bidali zuten gailua. Gailu horrek bildutako informazioa aztertzeko aukera izan du ordutik ikerketa taldeak, eta izan dute, azkenik, ondorioak ateratzea. Bi urteko ibilbidea erakusten dute jasotako datu horiek.