Botikak

Ibuprofenoa eta kodeina konbinatzen dituzten botiken arriskuez ohartarazi du EMAk

Botika horiek oinazea tratatzeko erabiltzen dira, baina mendekotasuna eragiten dute zenbaitetan, eta heriotza ere eragin dezakete, denbora luzean eta aholkatutako dosian baino handiagoan hartzen badira.

arantxa iraola
2022ko urriaren 4a
10:49
Entzun

EMA Sendagaien Europako Agentziako adituek azken bileran ondorioztatu dute kodeina eta ibuprofenoa konbinatzen dituzten sendagaien prospektuetan zehaztu egin behar dela botika horiek «kalte larriak» eragin ditzaketela denbora luzean eta gomendatutako dosian baino handiagoan hartzen badira. Zehaztu dute giltzurrunetako arazoak eragin ditzaketela, edota hesteetakoak, eta, kasurik larrienetan, heriotza ere bai.

Horregatik, gomendatu dute prospektuetan argi eta garbi jartzeko zer ondorio larri eragin ditzaketen botika horiek, «bereziki» denbora askoan hartzen badira, eta dosi handietan. Ondorio horretara heltzeko, botika klase horien «abusuaren eta mendekotasunaren» ondorioz eritutako pertsonen kasuak aztertu dituztela azaldu dute, eta horietako batzuk hil ere egin direla.

Botika klase horiek oinazea tratatzeko erabiltzen dira sarri askotan, baina mendekotasuna eragin dezakete, eta hor dago arazoaren muinetako bat. Opioaren eratorri bat da kodeina, eta mendekotasuna eragin ohi du.

Giltzurrunetan kalteak

EMAko adituen arabera, botika horiek behar baino dosi handiagoetan hartzen badira, giltzurrunak gaizki funtzionatzen hasten dira, eta osasun arazoak sortzen dira hortik. Odoleko potasio mailak ere apaldu egiten dira sarri askotan, eta horrek giharretako ahultasuna eta zorabioak eragiten ditu.

EB Europako Batasuneko herrialdeetara igorri du EMAk ohartarazpena, eta prospektuetan zer aldaketa egin behar diren adierazi du. Estatuen esku dago orain aldaketa egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.