Lan gatazka

LABek ostalaritzako hitzarmena nahi du Glovoko langileentzat

EAEko Fiskaltzaren aurrean salatu du Glovo, langileen eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik

LABek Bilboko egoitzan antolatutako prentsaurrekoa, gaur goizean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko urriaren 3a
14:11
Entzun

Glovoko langileen lan baldintzen erregularizazioa lortzeko asmoz, beste urrats baten berri eman du LABek: gatazka kolektibo bat planteatuko du Glovoko langileei ostalaritzako hitzarmen kolektiboa aplikatzea eskatzeko. Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, Glovoren gisako enpresetako langileak gainerako langileekin parekatu behar dira eskubideetan.

Digitalizazioak «lan-esplotazio formula berriak» ekarri dituela azaldu du Aranburuk. Horrek «prekaritate gordin batera» bideratu ditu Glovoko langileak. Aranbururen arabera, Glovok ez du aitortzen enpresak langileekin duen harremana: «Langileak autonomoetan alta ematera derrigortzen dituzte, eta, gero, langileek ez dute inolako autonomiarik, ezta inolako erabaki ahalmenik ere». Horren ondorioz, langileek ordutegi jakinik gabe, ezarritako soldatarik gabe, oporretarako eskubide araturik gabe eta lan osasunerako eskubiderik gabe egiten dute lan.

Kontratazio bide horiek, gainera, negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe uzten ditu langileak: «Ez dute langile ordezkaririk aukeratzeko eskubiderik, eta ez dute beren eskubideak defendatzeko inolako bitarteko kolektiborik». Negoziazio kolektiborako duten eskubidea aitortu nahian, LABek gatazka kolektibo bat planteatuko du, Glovoko langileak Ostalaritzako Hitzarmen Kolektiboaren parte izan daitezen. Gatazka kolektiboa Lan Harremanen Kontseiluan aurkeztuko dute, Preco zerbitzuaren bitartez. Akordiorik lortu ezean, Justizia Auzitegi Nagusira joko dute.

Salaketa, bide penala eta ekintza sindikala

Negoziazio kolektiborako eskubidea aitortzea ez ezik, kontratazioan gertatzen diren lege iruzurrak amaitzea ere nahi du LABek, eta haien lan harremana aitortzea. Horretarako bide posible guztiak erabiliko dituztela azaldu du Aranburuk: «Salaketa, bide penala eta ekintza sindikala». Izan ere, joan den astean LABek aditzera eman zuen EAEko Fiskaltzaren aurrean salatu duela Glovo, langileen eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik.

Horrez gain, Lan Ikuskaritzan hainbat salaketa jarri dituzte, baita epaitegietan ere. Epai judizialek diote «eztabaidaezina eta ukaezina» dela lan harremana. Bizkaiari dagokionez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek adierazi du Glovoko langileak besteren konturako langileak direla. «Beste herrialdeetan bidea egin ahala emaitza bera izatea espero dugu», gehitu du.

Estatu mailako Rider Legeak berariaz jasotzen du besteren konturako langileak direla. Hala ere, legea onartu eta urtebetera, zailtasunak daude langileen lan baldintzak erregulatzeko eta lan harremana aitortzeko. «Hori gertatzen ari da rider-en legea alderdi batzuetan motz geratu delako eta horrek posible egiten duelako Glovo bezalako enpresek zirrikituak bilatzea iruzurrak egiteko», adierazi du koordinatzaile nagusiak. Aranbururen hitzetan, LABek lanean jarraituko du langile horiek ere eskubidedun langileak izan daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.