Euskara

«Zelan erdaldundu Euskal Herria?»: dekalogo bat eman du Euskal Encodingsek

Espainiako epaile batek «gaizkile txiki bat» sortzeko dekalogoa eman zuen joan den hamarkadan. Hori oinarri, eta begirada euskarara zuzenduz, beste bat argitaratu du Euskal Encondingsek: Etxean erdaldun txiki bat sortzeko dekalogoa. Hamar gako dira, ironiaz biziturik.

Hablamos español elkartearen protesta Madrilen, joan den astean. FERNANDO ALVARADO, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko irailaren 29a
18:26
Entzun

Baga: «Egiozu txikitatik erdaraz; eskola arduratuko da haren euskalduntzeaz». Biga: «Ez egin sekula euskaraz haren aurrean, familia euskaldunean jaio dela pentsa dezake eta!». Eta higa, eta laga, eta hala, hamar bildu arte, galdera bati erantzuteko: nola erdaldundu Euskal Herria? Euskal Encodings elkarteak dekalogo bat atera du argitara, ironiaz beterik: Etxean erdaldun txiki bat sortzeko dekalogoa. Euskararen gaur egungo egoeraren gainean gogoeta egitea da asmoa.

Izan ere, euskararen erabilera bultzatzeko sorturiko elkarte bat da Euskal Encodings. Hizkuntzaren egoeragatik kezkatuta daudelako sortu dute dekalogoa, estilo jostalaria oinarri harturik. Twitterren zabaldu dute:

Askotarikoak dira emandako aholkuak. Aipatuez gainera, beste hauek ere zerrendatu dituzte, esaterako:

- Irakur ditzala liburu guztiak erdaraz. Bere euskara mailak ez du aurrera egingo, baina lasai! Batxilergoa amaitzean B2ren baliokidea emango diote.

- Ez entzun bere aurrean musika euskaldunik. Ea horrek traumaren bat eragingo dion!

- Egin errieta irakasleari euskara «bakarrik» suspenditu duelako. Horrela, urtez urte bere euskara maila gero eta kaskarragoa izango da.

Hala, hamar dira guztira zerrendatuak, baina elkarteak gehiago ere nahi lituzke jaso. Hala esan dute: «Aholku hauek jarraitzen baditugu, ziur erdaldun txiki bat sortuko dugula, eta etorkizunean bere seme-alabei ere ez diela euskararik transmitituko. Zeintzuk dira zuen aholkuak?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.