KPI-a

Inflazioak koska bat egin du behera irailean

Prezioen urte arteko gorakada %10,5etik %9ra apaldu da Espainian, argindarra merkatu egin baita.

Abuztuan goia jo ondoren, argindarra merkatu egin da irailean. J.J.GUILEN / EFE
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 29a
09:23
Entzun

Abuztuan, etenaldi bat izan zuen KPI kontsumo prezioen indizearen gorakadak Hego Euskal Herrian, %10,7tik %10,5era jaitsi baitzen urte arteko hazkunde tasa. Irailean beste koska bat egingo duela behera iradokitzen du INEk gaur goizean aurreratutako datuak. Espainiari dagokio datua, baina inflazioa oso antzekoa da bi eremuetan.

Horrela, Espainian puntu eta erdi murriztu da inflazioa, abuztuko %10,5etik iraileko %9ra. Igoera oso handia da, baina, hala ere, maiatzaz geroztiko txikiena da. Inflazioak uztailean jo zuen goia: %10,7 izan zen orduan.

Azpiko inflazioa, elikagai freskoen eta energiaren prezioen bilakaera aintzat hartzen ez dituena, bi hamarren apaldu zen, %6,2raino.

INEk agiri labur batean azaldu duenez, neurri handi batean argindarraren merkatzeari zor zaio murrizketa: iaz, gasa dagoeneko garestitzen ari zela, argindarra garestitu egin zen irailean, baina aurten, ordea, merkatu egin da, abuztuan inoizko preziorik handienera iritsi ondoren. Azken astean gertatu dira preziorik merkeenak, udazken giroa hedatu ahala parke eolikoen ekarpena handitu egin delako eta, ondorioz, gas gutxiago erre dutelako ziklo konbinatuko zentralek.

INEk aurreratu duenez, erregaiak ere ekarpen positiboa izan du prezioen bilakaeran, neurri txikiago batean bada ere. Euskal Herriko gasolindegietan ere antzeman da merkatze hori. Gasolioa, esaterako, batez beste 1,935 euroan salerosi zen iraileko lehen astean, eta 1,827an azkeneko astean. Gasolina ere hamar zentimo merkatu da: 1,809tik 1,705era.

INEk urriaren 14an kaleratuko ditu datu xeheagoak, eta horien artean baita Hego Euskal Herrikoak ere.

Gasaren kontsumoa, gora

Energiaren kontsumoari buruzko datuak gaurkotu ditu abuztuko kopuruekin EEE Energiaren Euskal Erakundeak, eta berretsi egin da gas kontsumoa gora doala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. %5,7 egin du gora abuztuan, eta %24,7koa da igoera metatua urte osoan. Baina igoera horrek badu azalpen bat: zentral termikoak. Izan ere, %187,5 gas gehiago erabili dute urteko lehen zortzi hilabeteetan. Beste alor batzuetan, behera egin du gas kontsumoak abuztura arte: zerbitzuetan (-%3,1); etxebizitzetan (-%2,9); eta industrian (-%8,6)

Argindarraren erabilerari dagokionez, EEEren txostenak islatzen du behera egin duela zertxobait, aurreko urtekoarekin alderatuta: %2 gutxiago kontsumitu da. Sektoreka, hauek dira 2022ko datuak abuztura arte: industrian, -%4,6; eraikinetan, -%0,8; etxebizitzetan, -%7,6: zerbitzuetan, -%4,7; eta altzairugintzan, -%10,1.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.