Palestina

Israelgo armadak lau palestinar hil eta 44 zauritu ditu Zisjordania iparraldeko kanpamentu batean

NBEk adierazi du Israel «gehiegizko bortizkeriaz» jarduten ari dela. Erakundearen arabera, indarkeria kasu gutxi batzuetan da zilegi: «Soilik bizitzak babesteko guztiz ezinbestekoa denean». Azken sei hilabeteetan ehun palestinar inguru hil dira Israelen erasoaldietan.

Jenin inguruan izandako erasoaldia, gaur. ALAA BADARNEH, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko irailaren 28a
17:58
Entzun

Hazi eta hazi ari da Israelen armada Zisjordanian hiltzen ari den palestinar kopurua. Azken asteotan, nabarmen bizitua dago tentsioa karriketan, borroka ugari izaten ari dira; hildako eta zauritu ugari ere bai, ondorioz. Palestinako Osasun Ministerioak zabaldu duenez, Jenin inguruan izan da azken erasoaldia, kanpamentu batean. Lau hildako eta 44 zauritu izan dira.

Hain zuzen, NBE Nazio Batuen Erakundeak Zisjordaniako egoeraren gaineko adierazpenak egin ditu berriki. NBEren Ekialde Hurbileko arduradun Tor Wenneslandek nabarmendu du erakundea «biziki kezkatua» dagoela azken asteotako gertakariak ikusirik. Batik bat, Israelgo armadak hainbat palestinar hil izana gaitzetsi du NBEk, eta iradoki du Israel «gehiegizko bortizkeria» erabiltzen ari dela; hildako kopurua «handiegia» dela ere bai. Azaldu duenez, hildakoetako asko ez ziren «inongo mehatxu» Israelentzat.

Izan ere, Wenneslandek aldarrikatu du indarkeria erabiltzea ez dela beti egokia. «Indar armatuek indarkeria erabili behar dute soilik bizitzak salbatzeko ezinbestekoa denean», esan du.

Halaber, Palestinako Gobernuak gogora ekarri du Israelen erasoaldiak orain dela sei hilabete hasi zirela. Ordutik, zabaldutako datuen arabera, ehun palestinar inguru hil dira, eta 2.000 lagun atxilotu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.