Autogintza

Mercedesek ibilgailu elektriko bat ekoitziko du gutxienez Gasteizen

2025aren hasieran hasiko da harekin. Ziurtzat jo daiteke 1.200 milioi euroko inbertsioa iritsiko dela.

Mercedesek Gasteizen duen lantegiko sarrera nagusia. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 28a
17:31
Entzun

Mercedesek ibilgailu elektriko eredu bat ekoitziko du gutxienez Gasteizen duen lantegian. Gama altuko monobolumen bat izango da, eta 2025eko lehen hilabeteetan irtengo dira lehen aleak. Enpresak ez du ofizialki baieztatu, multinazionala ibilgailu elektrikoak non eta nola ekoitziko dituen erabakitzen ari delako, baina Emilio Titos Gasteizko plantako zuzendariak dagoeneko eman die erabakiaren berri bere azpitik dauden 200 arduraduni. Sektoreko iturriek ere ziurtzat jotzen dute.

Azken hilabeteetako ziurgabetasunaren ondoren, apurka argitzen ari da langile gehien dituen Euskal Herriko plantaren etorkizuna. Mercedesek ibilgailu elektriko bat gutxienez ekoiztea espero zen, baina baieztapen ofizialik ezean zalantzak hor zirauen. Orain, albiste honekin, ziurtzat jo daiteke aurrera egingo duela Gasteizen egin asmo zuen 1.200 milioi euroko inbertsioarekin.

Azken hilabeteetan Mercedesen erabakia erraztu duten bi pauso eman dira. Batetik, langile batzordeak zuzendaritzak proposaturiko lan itun berria onartu zuen uztailean. Zuzendaritzak esana zuen hura onartu gabe inbertsioa egitea oso zaila izango zela. Bestetik, iragan astean Gasteizko udalak lantegia 23,8 hektarea handitzeko baimena eman zion Mercedesi. Zabalagana parkearen alboan zabalduko da.

Auto elektrikoaren ekoizpena bi urte barru hasiko da, eta egun Gasteizen muntatzen diren leherketa motorreko bi ereduekin uztartuko da (Vito eta V klaseko furgonetak). Hasieran Mercedesek 2024an eten nahi zuen bi eredu horien ekoizpena, baina iritziz aldatu zuen, eta litekeena da beste lau edo bost urtez luzatzea.

Epe horien arabera, Gasteizko plantan bi birmoldaketa handi egingo dituzte. Aurrenekoa 2023an izango da, auto elektrikoaren beharretara egokituko dena. Bestea 2030ean egitea espero da, betiere erregai kutsakorren debekuaren dataren arabera. Europak 2035. urterako ezartzea espero da, eta orduan bai desagertuko direla egungo ekoizpen lerroak.

Ibilgailu elektrikoak ekoitziko direla baieztatuta, zenbat ekoitziko diren jakitea da hurrengo pausoa. Iaz, esaterako, 134.000 furgoneta ekoitzi zituen Gasteizen. Izan ere Mercedesek auto bera ekoitziko du Düsseldorfeko (Alemania) eta Kecskeméteko (Hungaria) plantetan. Kopurua erabakigarria izango da Mercedesek Basquevolt egitasmoari eman diezaiokeen babesarentzako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.