Euskara ikus-entzunezkoetan

Uemak adierazi du «sendotasun handiagoz» heldu behar zaiola ikus-entzunezkoen gaiari

Iraitz Lazkano Uemako lehendakariaren erranetan, EITBk eta RTVEk «ardura handia» dute. Online plataformen eta sare sozialen eginkizuna ere azpimarratu du.

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, eta Garikoitz Goikoetxea teknikaria Eusko Legebiltzarrean. UEMA
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 28a
13:37
Entzun

Gaztetxoen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa aurkeztu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Iraitz Lazkano Uemako lehendakariaren erranetan, «beharrezkoa eta urgentea» da ikus-entzunezkoen gaiari heltzea, egoera «abiada bizian aldatzen» ari baita. Nabarmendu du, gainera, «sendotasun handiagoz» heldu behar zaiola gai horri hizkuntza politikan, ikus-entzunezkoek gazteen «hizkuntza gaitasunean eta ohituretan» duten eragina ikusita.

Gazteengana iristeko gakoa fikzioa dela erran du Lazkanok, eta nabarmendu du arlo horretan «apustu sendoago» bat behar dela. Goazen telesailaren gisako gehiago behar direla azpimarratu du, gisa horretako edukiei esker posible delako «etxean euskaraz egiten ez duten gaztetxoengana iristea». Hala, Lazkanok adierazi du EITBk «ardura handia» duela gai honetan, baita RTVEk ere. «Gure udalerrietako milaka gaztetxok jotzen dute egunero RTVEra, marrazki bizidunak ikustera, eta euskarak ez dauka batere presentziarik RTVEn», gehitu du.

Telebistaz gain, plataforma digitalek eta sare sozialek duten eginkizunaz ere mintzatu da Lazkano. Plataformei dagokienez, adierazi du euskararen presentzia «mugatua» dela. «Gure gaztetxoetatik, zenbatek dakite Netflixen jadanik badauzkatela euskarazko edukiak?», galdetu du Lazkanok.

Sare sozialen eginkizunari dagokionez, Lazkanok adierazi du «bi mundu» direla gazteek egunerokoan erabiltzen duten hizkuntza eta sare sozialetan erabiltzen dutena. Hortaz, Lazkanok erran du «euskal sortzaileen aldeko apustua» egin behar dela. Egun dauden bi gabezia nabarmendu ditu: batetik, «euskarazko erreferente falta»; eta, bertzetik, euskaraz edukiak egiten dituzten sortzaileen «ikusgaitasun falta». Egoera ikusita, Lazkanok ezinbertzekotzat jo du galdera honi erantzutea: «Hizkuntza komunitate gisa, herri gisa, zein izango da gure apustua ikus-entzunezkoen arlo honetan?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.