Datorren moduan hartzen da, eta etorri, nagusiki, erdaraz dator. Ondorio hori erator daiteke Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz egin duen ikerketatik. Apaltzen ari da telebistaren kontsumoa, eta areagotzen, aldiz, plataformena —bost ikasletik lauk erabili ohi dituzte—, eta erdarazko eskaintzak jan egiten du hor euskarazkoa. Bestalde, gehien erabiltzen diren sare sozialetan ere, jarduna gaztelaniaz egiten da batez ere.
Datuak modu orokorrean hartzerik ez dago, hala ere. Uemako herrietako datuak dira jasotakoak; hots, gune soziolinguistiko euskaldunenetakoak —herritarren %70 baino gehiago euskalduna dute—. Eta, gainera, adin tarte jakin bati dagozkionak: 9 eta 17 urte bitarteko herritarren kontsumoa ikertu dute, ia 11.600 inkesta eginda.
Laginaren berezitasunak direnak izanik ere, euskalgintzaren barruko kezka hedatuenetako bati erantzun asmo dio ikerketak: ikus-entzunezkoen kontsumoak belaunaldi berrien hizkuntza gaitasunean, ohituretan eta erabileran duen inpaktuari. Eta, halaber, herri euskaldunenetako gazteen artean ere euskararen erabilera aldakorra dela berresten du ikerketak, hizkuntza non eta zertarako erabiltzen den.
Ikusi gehiago:UEMAk adierazi du «sendotasun handiagoz» heldu behar zaiola ikus-entzunezkoen gaiari
Telebista
Gehien ikusten den telebista katea ETB1 da, alde handiz: hirutik batek baino gehiagok hautatu dute. Koska handia ateratzen die haren atzetik gehien ikusten direnei: Telecinco (%21,6), Clan (%21) eta FDF (%20). Koska bat beherago daude beste sei bat kate, eta, horien artean, ETB3 (%12,3), haurrentzako ETBren katea. ETB3 ez da gehien ikusia Lehen Hezkuntzako ikasleen artean, eta, are, erdarazko marrazki bizidunen Clan kateak bikoiztu egiten du ETB 3 ikusten dutenen ehunekoa.
Bestalde, ETB1en kontsumoa estuki lotuta dago euskara lehen hizkuntza dutenekin. Horien artean du irismenik handiena. Lehen hizkuntza euskara dutenek, gainera, ETB2ra gehiago jotzen dute.
Telebistaren kontsumoaren beherakadari buruzko datu adierazgarriak ere ematen ditu ikerketak. Sei ikasletik batek ez dauka telebista ikusteko ohiturarik. Gainera, adinean gora egin ahala, apalagoa da telebistaren kontsumoa.
Plataformak
Uemako herrietako gaztetxoen artean ere nagusi da Netflix streaming plataforma, alde handiz. Inkestari erantzun diotenen artean, hamarretik seik aitortu dute azken hiru egunetan erabili izana. Haren erdia da Amazon Prime Videoren erabilera (%33), eta Movistar Plusena, berriz, herena (%20). Hiru horien kontsumotik dezente behera daude beste plataformenak, baina badira aldeak horien artean ere. Deigarria da, esaterako, ETB Nahieran plataformaren kontsumoa (%9,8) handiagoa dela HBOrena (%7,9) baino.
Plataformen erabileran ez dago telebistarenean dagoen besteko gorabeherarik adinari dagokionez, baina, aldiz, zer kontsumitzen den, horretan badago aldea. Adinean gora egin ahala, handitu egiten da Netflix, Movistar+ eta ETB Nahieran-en kontsumoa, adibidez. Aldeak daude ikus-entzulearen lehen hizkuntzaren arabera, bai plataformaren aukeraketan, baita kontsumoan ere. Gaztelania eta euskara lehen hizkuntza ez dituztenen kontsumoa apalagoa da, eta euskara eta gaztelania biak batera jaso dituztenek erabiltzen dituzte gehien. Netflix eta Amazon Prime ere bi hizkuntzak edo gaztelania soilik jaso dituztenek ikusten dituzte gehien. Ifrentzuan dago ETB Nahieran: lehen hizkuntza euskara dutenek ikusten dute gehien (%14), eta gaztelania dutenek gutxien (%1).
Sexuaren arabera ere aldatzen da kontsumoa. Oro har, emakumeek gehiago kontsumitzen dituzte plataformak gizonezkoek baino. Gizonek, gainera, gehiago jotzen dute kirol eskaintza daukaten plataformetara.
Telesailak
Zer telesail ikusten dituzten ere galdetu diete ikasleei. La casa de papel da gehien ikusitakoa (%54), eta euskarazko bat dago bigarren lekuan: Goazen (%45). Euskarazko telesailetan, gehien ikusten diren hurrengoak %10etik behera daude: Altsasu (%8), Ihesaldia (%4) eta Alardea (%3).
Euskarazko telesailak, batez ere, lehen hizkuntza euskara dutenek kontsumitzen dituzte, eta zertxobait beherago daude bi hizkuntzak etxetik jaso dituztenak. Aldea handiagoa da lehen hizkuntza gaztelania dutenekin. Edonola ere, errealitateari tamaina hartzen laguntzen du Uemak Lehen Hezkuntzako ikasleei egindako galdera batek: azkena ikusi duten telesaila zein hizkuntzatan zegoen. %73k esan dute gaztelaniazkoa zela, eta %11k euskarazkoa zela. Azkeneko telesaila bi hizkuntza horietan ez besteren batean ikusi dutenen proportzioa (%12) zertxobait handiagoa da euskaraz ikusi dutenena baino.
Euskarazko telesailen kontsumoa apaldu egiten da adinean gora egin ahala, baina eskaintza apalagoari ere zor zaio, hein handi batean. Bestalde, adierazgarria da euskarak galtzen duen espazioa, batez ere, ingelesak irabazten duela.
Sare sozialak
Sare sozialetako ikus-entzunezkoen kontsumoa ere aztertu du Uemak. Youtube (%85), Whatsapp (%74), Tiktok (%65) eta Instagram (%56) dira gehien erabiltzen diren aplikazioak, eta, horien atzetik, Snapchat (%40), Twitch (%24), Twitter (%13), Telegram (%6) eta Facebook (%4). Azken hiru egunetan zer sare sozialetan ibili diren galdetuta atera da emaitza hori. Eta gehien erabiltzen den aplikazioan, Youtuben, euskarazko edukien kontsumoa oso apala da: %9koa. Gaztelaniazkoa, berriz, %71koa.
Adinaren arabera, baina, badira gorabeherak. Sare sozialak gehiago erabiltzen dituzte nagusienek, eta aldatu egiten da, halaber, zer aplikazio darabilten. Batxilergoan, esaterako, hamarretik bederatzik erabiltzen dituzte Whatsapp eta Instagram.
Argazki orokorrari erreparatuta, agerikoa da sare sozialetako jarduna gaztelaniazkoa dela nagusiki: Youtuben, %76 da gaztelaniaz; Tiktoken, %78; eta Twitchen, %88. Hala ere, badira aldeak sare sozial batetik bestera, bai edukiak jasotzeko moduan, baita ekoizteko eran ere. Tiktoken eta Twitchen, adibidez, erdaraz sortzen dituzte edukiak, batik bat, baina Instagramen, euskarazko sorkuntza %50ekoa da Uemako ikasleen artean. Datuek erakusten dute, hortaz, sare sozialetan jarduteko modua eta horietan dabiltzanen soslaia asko aldatzen direla batetik bestera.
Musika
Ikus-entzunezkoen kontsumoa ez ezik, musikarena ere aztertu dute, zer hizkuntzatan entzuten duten jakite aldera. Batez ere Youtube (%78) eta Spotify (%69) erabiltzen dituzte herri euskaldunenetako ikasleek musika kontsumitzeko. Entzuten duten musikaren erdia gaztelaniaz entzuten dute. Laurden bat pasatxo euskaraz, eta ia beste hainbeste gainerako hizkuntzetan.
Adinean gora, gutxiago kontsumitzen da musika euskaraz. Lehen Hezkuntzan entzuten dute gehien euskarazko musika (%37), baina, hala ere, kopuru hori baxuagoa da gaztelaniazkoarena baino: %46,5.
Lehen hizkuntza zein duten nabari da musikan ere. Lehen hizkuntza euskara dutenek entzuten dute euskarazko musika gehien (%33), baina horien kasuan ere handiagoa da gaztelaniazko musikaren presentzia (%46).
Bideojokoak
Azkenik, bideojokoen kontsumoa eta horretan euskarak duen presentzia aztertu dute. Hutsala da hor euskarak duen lekua: %4. Batez ere gaztelaniaz da kontsumoa (%54), eta, hein txikiagoan, beste hizkuntzetan (%19)
Bideojokoak, batez ere, Lehen Hezkuntzako ikasleek erabiltzen dituzte, eta euskarazko bideojokoek ikastaldi horretan dute, halaber, presentziarik handiena. Ez da %10era iristen, dena den.