Energia krisia

Berlinek eta Moskuk «sabotajetzat» jo dituzte Nord Streameko isuriak

Gertakariak ez du eraginik izango Europarako gas horniduran, gaur egun bi gasbideak zerbitzuz kanpo baitaude. Zer gertatu den ikertzen ari dira.

Nord Stream 1 gasbidea, Alemanian sartzen den puntuetak batean. STEFAN SAUER (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko irailaren 27a
11:40
Entzun

Nord Stream gasbidea Ukrainako gerraren xake partidako piezetako bat izan da gatazka hasi zenetik eta aurretik ere. Errusia eta Alemania lotzen ditu hoditeria horrek, Ukraina zeharkatu gabe, eta gatazkaren jo puntuan egon da. Moskuk iturria itxiko ote zuen mehatxua, balizko matxurak... Orain, Nord Streameko bi gasbideetan aste honetan izandako hiru isuri ikertzen ari dira. Gertakariak ez du eraginik izango Europarako gas horniduran, zerbitzuz kanpo daudelako, baina Danimarkak energiaren arloko larrialdi egoera ezarri du herrialdean, handik gertu gertatu direlako isuriak. Hango gobernuak eta Alemaniak ez dute baztertzen sabotaje ekintza bat izatea, ezta Errusiak ere.

Nord Stream 1 irailaren 2an itxi zuen Errusiak, konpresore batean matxura bat zegoela argudiatuta, eta ez du esan noiz abiaraziko duen berriz—uztailean 10 egunez itxi zuen, mantentze lanengatik eta Alemania turbina baten bidalketa blokeatzen ari zela argudiatuta—; Nord Stream 2, berriz, ez da inoiz martxan egon, Alemaniak bertan behera utzi baitzituen gas garraioari ekiteko baimenak, Errusiak Ukrainan esku hartu baino aste batzuk lehenago; hala ere, bi gasbideek gasa dute hodietan. Orain izandako isuriak konpontzeko gutxienez hilabete bat beharko da.

Nord Stream 1ean eta 2an izandako isuriak Danimarkako uretan gertatu dira, Bornholm uhartetik gertu.

Nord Stream 2 gasbideko zuloetako bat / DANIMARKAKO ARMADA

Danimarkak larrialdi egoera ezarri du argindar eta gas sektoreetan, eta enpresa horiek neurri zehatzak ezarri beharko dituzte instalazioen segurtasuna bermatzeko. Gobernuak aitortu du ezohiko gertakaria dela. «Hodiak oso gutxitan hausten dira; hor ikusten dugu larrialdi maila handitzeko arrazoia. Azpiegituraren zaintza ziurtatu nahi dugu, horniduraren segurtasuna indartzeko», adierazi du, ohar batean.

Oraingoz, Danimarkako agintariek baztertu egin dute gertakariak segurtasunerako eta osasunerako ondoriorik izan dezakeenik. Dena den, eremutik urrun mantentzeko ohartarazi diete itsasontziei, eta hegazkinei eskatu diete 1.000 metroko segurtasun garaiera mantentzeko.

Gobernuaren arabera, «goizegi» da zergatik gertatu den esateko. Ekainean, Danimarkako armadak salatu zuen Errusiako gerraontzi batek birritan igaro zituela itsas mugak Bornholm uhartearen iparraldean. Mette Frederiksen lehen ministroak adierazi duenez, «zaila da imajinatzea» isuriak «ustekabekoak» direla, eta azpimarratu du sabotajearen hipotesia ezin dela baztertu.

Europako Batzordeak ez du balizko sabotajeei buruz «espekulatu» nahi izan. «Ez dugu nahikoa informaziorik isurien arrazoia zehazteko», esan du Eric Mamer bozeramaileak prentsaurreko batean.

Ezohiko gertakaria

Bi gasbideen operadoreak, Suitzan egoitza duen Nord Stream AGk, azaldu duenez, egun berean eta ia aldi berean gertatu ziren kalteak, hodietan izandako presio beherakadaren abisua jaso zutela bere kontrol zentroetan, eta arrazoiak ikertzen ari direla. Aitortu du aurrez sekula ez zela gertatu halakorik.

Berlinen, Alemaniako Ekonomia Ministerioak esan du Danimarka eta Suediako gobernuekin eta operadorearekin harremanetan dagoela zer gertatu den argitzeko.

Klaus Mueller energia sareen agentzia federaleko presidentearen arabera, Nord Stream 1 zerbitzutik kanpo geratuko da gutxienez hilabete batez. «Alderdi positibo bakarra da Alemania eta Europako Batasuna jada ez daudela Nord Stream 1 gasbidearen menpe», adierazi du Twitter sare sozialean idatzitako mezu batean.

Alemaniako Tagesspiegel egunkariaren eta Der Spiegel astekariaren arabera, gobernuak ez du uste gertatutakoa «kasualitate» bat denik, eta ez du baztertzen sabotaje ekintza bat izatea: Errusiak «bandera faltsuz» egindakoa ala Ukrainak edo herrialde horrekin zerikusia duten indarrek egindakoa.

Errusiako Gobernua ere «oso kezkatuta» agertu da gertatutakoarekin, eta ez du baztertu kausei buruzko «bertsiorik». «Ikerketaren emaitzak izan arte, ezin dugu ezer baztertu», adierazi du Dmitri Peskov Errusiako Presidentetzako bozeramaileak prentsaurreko batean.

Ukrainak eta Poloniak Moskuri leporatu diote «eraso terrorista».

Nord Streamen isuriak gertatu dira, Norvegia –Europako gas hornitzailerik handiena– eta Polonia arteko gasbide bat inauguratu baino ordu batzuk lehenago. Urriaren 1ean jarriko dute martxan gasbide berri hori.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.