Hilketa matxista

Soraluzekoa zen Benidormen hil duten emakumea

'Plaentxi.eus' herri komunikabideak BERRIAri baieztatu dionez, M. L. L. da hildakoa. 68 urte zituen. Benidormen zuen etxean topatu du Poliziak, harengana joan denean esatera senarra auto istripu batean hil zaiola. Gorpuak indarkeria zantzuak ditu, eta senarra da susmagarri nagusia.

Biktimaren senarraren autoa, istripua izan eta gero, La Vila Joiosan (Herrialde Katalanak). ALACANTEKO SUHILTZAILEAK
jon ordonez garmendia
2022ko irailaren 26a
11:57
Entzun

Soraluzeko (Gipuzkoa) Plaentxi.eus herri komunikabideak BERRIAri baieztatu dionez, soraluzetarra da bart gauean Benidormen (Herrialde Katalanak) hilik aurkitu duten emakumea. Plaentxi.eus-en arabera, M. L. L. da. 68 urte zituen. Hasieran Zarauzkoa zela zabaldu den arren, Zarauzko Hitza-k azaldu du jatorriz ez zela han sortua, Zarautzen sei urtez bizi izandakoa baizik, 1990etik 1996ra bitartean.

Emakumearen hilketa ikertzen ari da Espainiako Polizia. Indarkeria zantzuak zituen gorpuak aurkitu dutenean, bi sastakada, eta goizean horren berri eman dutenean jakinarazi dute litekeena dela hilketa matxista izatea. Emakumearen senarra trafiko istripu batean hil da bart gauean, eta horren berri ematera joan direnean aurkitu dute emakumearen gorpua etxean; Espainiako Poliziak zabalik topatu du etxeko atea.

Susmagarri nagusia biktimaren senarra da, 73 urtekoa. Trafiko istripuz hil da gizona, baina, jakinarazi dutenez, lehen zantzuen arabera, litekeena da bere buruaz beste egin izana. Gidatzen ari zen autoak garabi bat jo du bart La Vila Joiosa parean (Herrialde Katalanak), 22:10ean. Bikoteak hainbat urte zeramatzan Benidormen bizitzen. Plaentxi.eus-en arabera, Elgoibarren ere bizi izandakoa zen emakumea.

2003tik indarkeria matxista dela-eta hildako 115. emakumea litzateke, aurtengo hirugarrena. Aurtengo lehen hilketa matxista Tuteran izan zen (Nafarroa), urtarrilaren 10ean, eta bigarrena, Barakaldon (Bizkaia), apirilaren 26an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.