Sansoheta afera

Hamahiru urterainoko zigorrak onartu dituzte adingabeei sexu abusuak egiteaz akusaturikoek

Hasi da Sansoheta zentroan Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden adingabeak prostituitu zituen sare bateko ustezko kideen aurkako epaiketa. Lauk egin dute akordioa fiskaltzarekin; hamar dira denera.

Adingabeen Sansoheta zentroa. JUANAN RUIZ / EFE
edurne begiristain
2022ko irailaren 26a
09:54
Entzun

Hasi da Arabako Probintzia Auzitegian Sansoheta zentroko adingabeei sexu abusuak egitea egotzita auzipetutako hamar pertsonen kontrako epaiketa. Denera hamar gizon daude akusatuta, eta haietako lauk akordioa lortu dute fiskaltzarekin, errua onartu eta zigorra arintzeko.

Lau horietako hiru izan dira epailearen aurretik igaro diren aurrenekoak. Lehengo akusatuak onartu egin du adingabe batekin sexu harremanak izan zituela; damutzen dela esan du, eta urtebete eta egun bateko zigorra ezarri diote.

Kontatu du behin bakarrik geratu zela gazte batekin, sexu harremanak izateko webgune batean egin zuela kontaktua, eta berak ez zekiela adingabea zela. Gehitu du hark masturbatu egin zuela, berak 20 euro ordaindu ziola, eta ez duela haren aurpegia oroitzen. Gertatutako guztiak «kalte psikologiko handia» eragin diola ere esan du, eta berretsi du ez zekiela adingabe batekin egon zenik.

Bigarren akusatuak ere onartu egin du bi adingaberekin sexu harremanak izan zituela, eta trukean dirua eta marihuana ematen ziela. Hari ezarri diote zigorrik gogorrena: hamahiru urteko espetxe zigorra.

Hirugarren akusatuak ere onartu ditu akusazioak. Zazpi urteko espetxe zigorra ezarri diote, eta barkamena eskatu die biktimei.

Hasieran hiru zirela uste zen arren, azkenean laugarren akusatu batek ere lortu du aurreakordioa fiskaltzarekin, eta zigorra arinduko diote. Asteazkenean deklaratuko du, eta orduan jakingo da zer zigor jarriko dioten.

Bosgarren akusatu batek ere deklaratu du gaur. Esan du harremanetarako webgune batzuen bidez lortu zuela gazteekin geratzea, eta ez zekiela adingabeak zirenik.

Hamar akusatu

Hamar akusatuei Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden adingabeak prostituitu zituen sare bateko kide izatea leporatzen diete.

Orduan 14 eta 17 urte bitartean zituzten neska eta mutil batzuek egin zuten salaketa, 2016. urtean. Gasteizko Sansoheta zentroan bizi ziren. Akusatuetako asko horko langileak dira, eta, besteak beste, ustelkeria, sexu abusua, adingabekoei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak leporatzen dizkiete. Guztira 214 urteko zigorra eskatu dute akusatuen aurka.

Gaurtik urriaren 3ra arte egingo dituzte epaiketaren saio publikoak, denera bost. Gaur, akusatuek deklaratzea espero da. Asteazkenean eta ostegunean zazpi biktimak mintzatuko dira, ateak itxita, ez dadin jakin nor diren.

Gasteizko instrukzio epaitegiak eta Ertzaintzak eginiko ikerketaren arabera, akusatuek eduki sexualeko webgune baten bitartez kontratatu zituzten adingabeak sexu harremanak izateko. Jarduera horrek hamar hilabete iraun zuen.

2016ko urriaren 6an, gertatzen ari zena salatu zuen adingabe batek tutoretza batean. Orduan, psikologo bat espetxeratu zuten, eta zentroko langile bat identifikatu. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, orduan, adierazi zuen halakoak «edonon» gerta zitezkeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.