Zientzia

Neptunoren eraztunen argazkiak atera ditu James Webb teleskopioak

Eraztunak inoiz ez dira ikusi halako zehaztasunez. 'Voyager 2' zundak irudikatu zituen lehenbizikoz, duela 33 urte.

Neptuno planeta eta haren eraztunak. EUROPAKO ESPAZIO AGENTZIA
Julen Otaegi Leonet.
2022ko irailaren 22a
16:07
Entzun

Neptuno planeta Eguzki Sistemaren zirrikituan dago, nahiko urrun. Kostata iristen dira eguzki izpiak haraino. James Webb teleskopioaren mirak, ordea, ez du arazorik zortzigarren eta azken planetaren argazkiak lortzeko. Egiteko horretan, Neptunoren eraztunak irudikatzea lortu du. Aurretik ere, uztailean, unibertsoaren ikuspegirik sakonena harrapatua zuen James Webbek. Bill Nelson NASAko administratzailearen hitzetan, «munduak inoiz izan ez duen ikuspegi bat» eskaini zuen teleskopioak.

Ikusi gehiago:James Webb teleskopioak jasotako lehen argazki eta datuak argitaratu dituzte

Duela 33 urte lortu zuen NASAk Neptunoren eraztunak lehenbizikoz irudikatzea. Voyager2 zunda espazioratu eta hainbat urtera, 1989an, Neptuno parera heldu zen, haren azken helmugara. Planetatik 5.000 kilometrora egin zituen argazkiok. Triton Neptunoren sateliterik handienaren albotik ere igaro zen Voyager 2. Beste hainbeste argazki atera zituen zundak.

NASAren Voyager 2 zundak Neptunoren eraztunei ateratako argazkia. / NASA

James Webb, ordea, Lurretik gertu samar dago. Horregatik, urruntxo geratzen zaio Neptuno; 4.350 milioi kilometrora, hain zuzen. Teleskopioaren gaitasuna izugarria da, eta, hari esker, ezin hobeki ikusten dira eraztunak. Inoiz ez dira ikusi ahal izan halako zehaztasunez.

Jendea ohituta dago Neptuno kolore urdin sakon batekin ikustera. Teleskopioaren argazkian, ordea, gris samar ikusten da. Izan ere, James Webb «ez da teleskopio optiko bat bezalakoa»; ateratzen dituen irudiak moldatu egin behar dira gero —Virginia Garcia Aranzadi zientzia elkarteko teknikoak haren funtzionamendua azaldu zion BERRIAri—. Teleskopioaren berezitasun horri esker, orain arte ikusi gabeko eraztunak harrapatu ditu Webbek. Gainera, Neptunoren hamalau ilargitatik zazpi ere agertzen dira argazkian. Horien artean, Triton da deigarriena, beheko irudian ikus daitekeenez.

Neptuno planeta eta haren sateliteak. / Europako Espazio Agentzia

James Webb teleskopio espaziala hamazazpi herrialderen artean garatutako espazio behatoki bat da, munduko behatoki nagusia. Historiako proiektu zientifikorik handienetako bat da: kostuagatik, tamainagatik, diseinuagatik eta eraikuntzagatik, batetik, eta merkaturatzeko 33 urte behar izan direlako, bestetik. NASAko, Europako Espazio Agentziako eta Kanadako Espazio Agentziako langileek zuzentzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.