Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaerak onartu ditu Parisko Dei Auzitegiak, Bakegileek jakinarazi dutenez. 1990eko apirilean atxilotu zituzten biak, beste lapurtar batzuekin batera, ETAren Argala komando-ko kide izatea leporatuta, eta biziarteko kartzela zigorrera kondenatu zituzten. Parotek 2005etik zuen baldintzapean aske gelditzeko aukera, eta Esnalek 2008tik; baina, gaur arte, egin dituzten eskaera guziak ukatu ditu Frantziako Justiziak. Bakegileek mobilizazio andana antolatu dituzte azken hilabeteetan bi euskal presoen askatasuna eskatzeko. 17:00etarako agerraldia batera deitu dute Euskal Hirigune Elkargoan.
Erreakzio andana eragin du Parisko Dei Auzitegiaren erabakiak. «Erabaki zuzena, azkenean», adierazi du Malik Salemkour Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidenteak. «Poz ikagaragarria» nabarmendu du Anita Lopepe EH Baiko bozeramaileak, «herri garaipen handia» izan dela adierazita. Azken presoa askatu arte lanean segitzera deitu du. «Positiboki» baloratu du erabakia Foro Sozialak ere, «gizatasunez eta zentzuz, eta familiaren lasaitasunerako». EH Baik ere «berri ona» dela erran du: «urteetako mobilizazioari esker Jakes eta Ion Euskal Herrira itzuliko dira». Sortuk «zorionak» opatu dizkio Euskal Herriari.
Azken ordukoa! Ion Parot eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunak ONARTUAK izan dira !
— Artisans de la Paix #OrainPresoak (@Artisans_Paix) September 22, 2022
Segitu arratsaldeko 5etatik goiti @BakeBidea kondutik zaintza taldearen adierazpenak !
Arratseko elgarretaratzeak mantenduak dira !#UnaiGurekin#OrainPresoakpic.twitter.com/AWuMhXr3ds
«Ez da izan erraza». Hunkiturik mintzatu da Maritxu Paulus Basurko abokatua, BERRIAri egin dizkion adierazpenetan. «Biziki pozten gara baiezkoa eman dutelako». Baldintzapeko askatasunetan ohikoa den gisan, urte bateko proba izanen dute bi euskal presoek: etxean beteko dute zigorra, eskumuturreko elektronikoarekin. Ondotik, baldintza zorrotzak bete beharko dituzte hamar urtez. «Ez da askatasuna», zehaztu du abokatuak: «Ez da aski erraten, baina ez da askatasuna. Etxean beteko dute zigorra».
Hala ere, alaitasuna azpimarratu nahi izan du: «Bai, dudarik gabe, berandu heldu den erabaki bat da. Anitzetan erran dugu kanpoan izan behar zirela». Zehaztu du kondena Espainiako Estatuan bete izan balute libre izanen zirela jadaneko. «Baina gaur pozteko eguna da. Hainbesteko ibilbide luzearen ondotik...». Frederic Haranburu Xixtor 2020ko azaroan atera zen Lannemezango presondegitik, 30 urte baino gehiago presondegian pasa ondotik; Esnalek eta Parotek presondegian 32 urte, bost hilabete eta hemezortzi egun iragan dituztela jaso dute baldintzapeko askatasun eskaeraren onarpena.
Kapitulu baten ixtea
Paulus Basurkoren hitzetan «kapitulu baten ixtea da» gaurko erabakia. Hala ere, beste preso batzuen egoera oroitarazteko baliatu nahi izan du. «Frantziako Estatuan badira biziarteko zigorra duten beste preso batzuk, hala nola Mikel Karrera Sarobe, eta badira kondena biziki luzeak dituzten presoak ere, askatze data 2028-2030 artean dutenak. Kapitulu baten ixtea da, baina liburua ez da itxia».
Ion Parot, Jakes Esnal eta Frederic Haranburu Xixtor ikur bilakatu dira azken urteetan, eta haien askatasun eskaerak garrantzia berezia hartu du Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuan parte hartzen ari diren eragileentzat. Bakegileek lehentasun gisa markatu dute azken urteetan, eta mobilizazio eta desobedientzia ekintza andana antolatu dute berau lortzeko helburuarekin. Uztailaren 23an Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten ehunka pertsonak.