UEUk festa giroan ekarri du gogora unibertsitatea euskalduntzeari egindako ekarpena eta esku bete proiektuz eta ametsez begiratu dio etorkizunari. Kepa Sarasola UEUko zuzendaria «harro» mintzatu da bost hamarkadetan egindako ibilbideaz: «UEU euskara unibertsitatean modu naturalean erabiltzeko akuilu izan da, euskara teknikoa finkatzeko agentea eta euskarazko etengabeko formazioan erreferentzia». Bide horretan erronka berriei erantzuten jarraitzeko ilusioa dutela adierazi du. Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak erronka horien berri eman du: euskara ikerketa sustatzea, euskarazko online unibertsitatea sortzea, euskarazko produkzio zientifikoa emendatzea eta etengabeko euskarazko formakuntza lehenestea aipatu ditu: «Horretarako ezagutza, sarea eta ilusioa badugun arren, aitortza eta baliabideak ere behar ditugu».
Magia eszenatokian, Dimegaz elkartea.#50UEUrtepic.twitter.com/L5BOcL5YGO
— UEU (@ueu_orokorra) September 21, 2022
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek ere aitortu du UEUren ekarpena: «Guk gure hezkuntza-sistemako irakasle guztien euskarazko gaikuntza bultzatzea jarri dugu helburutzat. Helburu horretan, UEUk ekarpen oso garrantzitsua egin du, euskarazko unibertsitate-prestakuntza duala bultzatuz irakasleen hasierako prestakuntzaren esparruan, GOI zentroaren bitartez. UEU erreferente da».
Besteak beste, Joseba Sarrionandiak ere hartu du hitza, UEUren ibilbidea goraipatzeko: «Emakumeak noiz iritsi dira unibertsitatera? Noiz langileak? Noiz euskaldunak?». Horrek are handiagoa egiten du UEUren ekarpena, bere hitzetan.
Joseba Sarrionandia: "UEU mugimendu bat zen eta hasieran debatea izan zen, ea euskal herriko unibertsitatea behar zen, edo euskal unibertsitatea" #50UEUrtepic.twitter.com/LHgy7Vihkz
— UEU (@ueu_orokorra) September 21, 2022