Industria

Gasteizko lantegia beste 23 hektarea handitzea proposatu du Mercedesek

Udalari aurkeztu dio instalazioak handitzeko plana Urtaranek begi onez hartu du, ez diolako Eraztun Berdeari eragingo. Ekoizpena bikoiztu eta auto elektrikoak egiten hasteko inbertsioa bermatuko luke.

Mercedese planta nagusia, Gasteizen. JAIZKI FONTAEDA / FOKU
aitor biain
2022ko irailaren 21a
18:32
Entzun

Mercedes-Benzek beste urrats bat egin du aurrera etorkizunean auto elektrikoak Euskal Herrian egin ahal izateko. Fabrika handitzeko planaren berri eman dio Gasteizko Udalari; zehazki, ia 24 hektarea hartuko lukeen instalazio berri bat eraikitzea proposatu dio. Gorka Urtaran alkateak jakinarazi dio ez diola inolako trabarik jarriko asmo horri, eta beharrezko baimenak emango dizkiola. Alemaniako multinazionalak agindutako 1.200 milioi euroko inbertsioa bermatuko luke horrek, izan ere.

Udalak dagoeneko emana zion egungo orubearen barruan eraikina handitzeko lanak egiteko baimena, baina, horrekin aski ez, eta datozen urteetan ekoizpena bikoiztu ahal izateko, egungo instalazioak handitzea nahi du multinazionalak. Hala, hiriaren hegoaldeko Zabalgana auzoan, egungo lantegiaren alboko lurretan eraikitzea eskatu du. Areatza kalearen, Mariturri bulebarraren eta Eraztun Berdearen arteko eremua da, eta hasiera batean etxebizitzak eraikitzea aurreikusita zegoen. Hori dela eta, lursailen kalifikazioa aldatzeko eskatu dio Emilio Titos Mercedesen Gasteizko lantegiko zuzendari nagusiak udalari, industria erabilerarako izan daitezen.

Tramiteak «lehenbailehen» hasiko dituztela esan du Urtaranek, nahiz eta ez duen eperik jakinarazi. Aurreratu du, hala ere, «denbora» beharko dela. Mercedesek hurrengo bost urteetan egin nahi du fabrika elektrifikatzeko plana. Luze gabeko lan baldintzak finkatuta, prozesua erraztu beharko luke horrek. Edonola ere, gauza asko daude argitzeke oraindik, langile batzordeak berriki gogorarazi duenez. Besteak beste, zein auto modelo ekoitziko duten han, edota zenbat (200.000 egin nahi ditu zuzendaritzak). Lanen zati bat Europako Next Generation funtsekin finantzatu nahi dute, gainera, eta hori ere argitzeke dago.

Udala «aliatutzat»

Udalak begi onez hartu du proposamena. «Egun garrantzitsua da», adierazi du Gorka Urtaran alkateak. «Gure hiriaren etorkizuna gure industriaren etorkizunaren menpe dago neurri handi batean, eta, kasu honetan, Mercedesen proiektua funtsezkoa da». Eta ibilgailu elektrikoen ekoizpena bermatu ahal izateko lantegia handitzeko prozesuan udala «aliatutzat» hartzeko esan dio zuzendaritzari. Gogorarazi baitu 5.000 langileri baino gehiagori eragiten diela zuzenean aldaketak, eta fabrikaren etorkizuna bermatzea ezinbestekoa dela hiriaren nahiz herrialdearen ekonomiarentzat. «Ez da txantxetako kontua», ohartarazi du.

Urtaran konforme azaldu da lantegi berriaren kokapenarekin ere, azpimarratu baitu handitze proposamena «asmo handikoa» bada ere ez diola eragingo ez Eraztun Berdeari ez eta, bereziki, Zabalganako basoari. «Industriaren eta ingurumenaren balioak, Gasteizen bereizgarri direnak, Mercedesek egindako proposamenean ere islatzen dira», esan du.

Alkateak nabarmendu du eraikin berriak etxebizitzen eta industria gunearen arteko bereizketa bere horretan mantenduko lukeela hiriaren hegoaldean. Egungo lantegiaren ondoan, enpresaren beharrak aseko dituen industria lurrik ez dagoela ere argudiatu du udalak.
Hori horrela, Urtarenak uste du Mercedesen proposamenak bat egiten duela udalak duen hiri ereduarekin. «Bat dator hiri trinko, konplexu eta kohesionatu bat izan eta lurraldearen oreka ekonomikoa lortzeko dugun helburuekin», esan du alkateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.