Legealdiko azken aurrekontuak onartzeko lehen urratsa egin du gaur Nafarroako Gobernuak, ezohiko kontseiluan bildu ostean. Finantza gastuak kenduta, 5.215,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2023an gobernuak. Inoizko gastu mugarik handiena izango da, aurtengoa baino %9,4 gehiago.
Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak azaldu du 2023ko aurrekontuen koadro makroekonomikoa. Aurretik aurreratu bezala, 2023an Nafarroako ekonomia %1,4 handitzea espero du, eta, batez beste, KPIa %4,8 izatea. Halaber, Madrilgo gobernuarekin hitzartuta, defizita BPGaren %0,6ra helduko da, eta zorraren mugak gehienez BPGaren %14,5ekoa izan beharko du.
Irizpide orokor horien bidez, aurten baino 449 milioi euro gehiago izango ditu inbertsio eta gastu publikorako. Aurrekontuaren xehetasunak zehazteko goiz bada ere, Saizek aurreratu du 5.216 milioi euro horien barruan izango direla Europako Batasuneko Next Generation funtsetatik 245 milioi euro. Halaber, udalen gastu arrunta finantzatzeko, Tokiko Ogasunen funtsak 303 milioi euro izango ditu, eta Nafarroak estatuari 635 milioi pagatuko dizkio ekarpen bidez, bere gain ez dituen eskumenen truke —betiere, 2020-2024ko eperako ekarpenaren akordioa heltzen ez den bitartean—.
Aurrekontua lantzeko orduan, Saizek azaldu du orain departamentu bakoitzaren gastu muga zehaztu beharko dela, eta espero du hogei egunen buruan egitea. «Garaiz» dabiltzala uste du, eta urtarrilaren 1erako aurrekontua onartzea espero du. Aurreko hiru urteetan EH Bildurekin akordioa lortu ostean, Saizek espero du aurten ere akordioa lortuko dela. Dena den, legealdiko azken aurrekontua izaki, baliteke politikoki zailagoa gertatzea akordioa, bai gobernu barruan, bai gobernutik kanpo.
Horregatik, Nafarroan udazkeneko eztabaida nagusia izango da, eta, hori guztia etorri zain, gaur egin du lehen urratsa.