Zientzia

Gizakiek asteroide bat desbidera dezaketen jakingo da laster

Dimorphos asteroidea joko du 'DART' zundak irailaren 26an, eta horrek haren ibilbidea zenbat aldatu duen aztertuko dute, etorkizunean Lurra defendatu ahal izateko.

Didymos eta Dimorphos asteroideen lehenengo irudia, 'DART' zundako DRACO kamerak utailean harturikoa. NASA JPL DART NAVIGATION TEAM
Edu Lartzanguren.
2022ko irailaren 15a
20:29
Entzun

Ez dago mezu apokaliptikorik. Dimorphos asteroidea ez dago Lurraren ibilbidean, eta ez dago hark planeta suntsitzeko arriskurik. Baina esperimentu interesgarria egingo dute laster harekin, ikasteko etorkizunean Lurra nola defendatu arriskua ekar dezaketen espazioko objektuetatik.

Iazko azaroaren 23an jaurti zuten DART zunda, Kaliforniatik (AEB). Asteroide Bikoitza Birbideratzeko Proba moduan euskara daiteke haren izena, baina dardo gisa itzul daiteke akronimoa. Eta izena ongi jarria da.

Izan ere, Dimorphos asteroidearen aurka jotzera bidali dute dardoa. Gizateriaren historian lehenengo aldiz, Lur planetatik jaurtitako gailu batekin danbatekoa emango diote asteroide bati, ikusteko horrekin aski den hura desbideratzeko.

Zundak arazorik gabe egin du ia urtebeteko bidaia; jada finkatu du jomuga, eta bidali ditu helburuaren lehenengo argazkiak.

Atzo bertan, DART azken unean jomugara gidatuko duten kamerak zabaldu zituzten. Talka irailaren 26an gertatuko dela kalkulatu dute, Euskal Herriko gauerdian, eta zuzenean emango dute NASAren webgunean. «Zuzenean» horrek esan nahi du minutuko irudi bat ikusi ahalko dela, eta distantziak beharturiko atzerapenarekin, noski.

Kolpe kinetikoaren teknika deiturikoaren lehenengo proba izango da: hau da, asteroide bat joko dute, haren orbitan aldaketa eragiteko.

Ilustrazio honetan, NASAren 'DART' zunda irudikatu dute, Didymos jo aurretik. NASA/Johns Hopkins/APL/Steve Gribben

Didymos eta Dimorphos asteroide bikote bat dira, eta Eguzkiaren inguruan orbitatzen dute. Didymos da bikoteko asteroide nagusia: 780 metro pasatxoko diametroa du. Dimorphos haren inguruan biraka dabilen ilargitxoa da, ia 162 metroko diametrokoa. Azken hori joz, horren abiadura aldatu nahi dute. 500 kiloko gailuak ilargiaren erdi-erdian joko du, segundoko 6,6 kilometroko abiadan. Kalkulatu dutenez, horrek segundoko 0,4 milimetroko abiadura aldatuko dio Dimorphosi. Gutxi ematen du, baina aski izango da denborarekin bi asteroideen ibilbidea asko aldatzeko.

Lurreko teleskopioekin ikusi ahalko da. Baina neurketa zorrotzak Hera zundak egingo ditu, bost urte geroago. ESA Europako Espazio Agentziak 2024an jaurtiko du zunda, eta 2027. urtean helduko da. Orduan jakingo da nola aldatu duen talkak asteroideen ibilbidea.

ESA eta NASA 2015. urtetik ari dira elkarlanean AIDA programan, planeta asteroideen mehatxuetatik defendatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.