Irene Papas aktore greziarra (Chiliomodi, 1926) gaur hil da, 96 urterekin, Greziako Kultura Ministerioak jakinarazi duenez. Alzheimerra diagnostikatu zioten 2018an.
Papas XX. mendean Grezian sortutako aktorerik ezagunena izan zen, eta kultur ikono bilakatu zen bere herrialdean. Izan ere, antzerkian mitologia grekoko pertsonaia ezagunak interpretatu zituen: Antigona, Elektra, Medea, Penelope... Oholtza gaineko lana pantaila aurrekoarekin uztartu zuen 1950eko hamarkadan, baina mundu zabaleko ospea 60ko urteetan iritsi zitzaion, nazioartera jauzi egin, eta Hollywoodeko eta Europako koprodukzioetan lanean hasi zenean, hain zuzen ere. The Guns of Navarone drama epikoak(J. Lee Thompson, 1961), Electra (Michael Cacoyannis, 1962) Euripidesen tragedian oinarritutako tragediak eta Zorba the greek (Yorgos Yavella,1964) Nikos Katzantzakisen nobelaren egokitzapenak Oscar sarietarako izendapenak eta sariak eskuratu zituzten, eta horrekin batera, Papas izar bilakatu zen mundu guztian.
Hain zuzen ere, 1967an militarrak boterera iritsi zirenean Grezian, Papasek eta beste beste hainbat artistak alde egin zuten herrialdetik. Lehendabizi Italiara jo zuen, eta gerora New Yorkera, eta bi herrialde horietako zuzendari ezagunekin egin zuen lan: Martin Ritt, Franco Zefirelli, Francesco Rosi. Era berean, Costa Gavras herrikidearen Z film politiko mugarriko protagonistetako bat ere izan zen. 1974an, diktaduraren erorketarekin, bere herrialdera itzuli zen.