Apirilean jarri zizkioten Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek Hezkuntza Legea ontzeko oinarriak Eusko Jaurlaritzari, eta gaur plazaratu dute hori oinarri hartuta Eusko Jaurlaritzak ondu duen Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroa. Bihar jarriko dute jendaurrean, eta epe bat zabalduko dute, ekarpenak egin ahal izateko. Behin horiek jasota, gobernu kontseiluan onartuko dute aurreproiektua, eta handik Eusko Legebiltzarrera bidaliko dute, prozedurak aurrera jarrai dezan. Honatx lehen zirriborroan jaso dituzten gako nagusiak, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztientzako ezarritako jarraibideak:
Ikusi gehiago:EP-IUk ohartarazi du hezkuntza itunaren aurka doala aurreproiektua
Euskara
Testuaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistema «eleaniztuna» izango da, «euskararen inguruan artikulatua». Baina ez dute zehaztu ereduen sistemarekin jarraituko duen ala ez. Hezkuntza akordioan egin bezala, ordea, helburu zehatzak ezarri dituzte: ikasleek euskaraz nahiz gazteleraz B1 maila lortu beharko dute Lehen Hezkuntza bukatzerako, baita B2 maila ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran. Hala dela ziurtatzea irakasleen esku egongo da, baina Hezkuntza Sailak «ebaluazio tresnak» jarriko dizkie, «ikasle guztiek lege honetan xedatutako hizkuntzen ezagutza maila lortuko dutela bermatzeko». Eta Hezkuntza Sailak jarraipena egingo du: «Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak jarraipen sistema eraginkor bat jarriko du abian, ebaluazioaren emaitzak hobetzeko eta ezarritako helburuak lortzeko».
Gainera, Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua ere sortuko dute. Hainbat helburu izango ditu: irakasleak euskal kultura transmititzeko gaitzea, euskal curriculuma lantzea, eskola materialaren sorkuntza «antolatzea» eta eskola eremuan normalizazio planak bultzatzea, besteak beste.
Segregazioa
Hezkuntzari buruz ez ezik, segregazioaren aurkako neurriez ere mintzo da testua. Hezkuntza Sailaren ardura izango da bermatzea ikastetxeek «inklusioari laguntzeko» behar beste baliabide tekniko eta langile dituztela.
Ikasleak ikastetxera sartzen diren momentutik eragotzi asmo dute segregazioa. Familiek ikastetxea hautatzeko eskubidea mantenduko dute, baina ikasleak «arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik» ez bereizteko neurriak hartuko dituzte. «Sarbide eta onarpen prozesua honako printzipio hauen arabera arautuko da: ekitatea, hezkuntza inklusioa, gizarte kohesioa sustatzea eta eskuragarri dagoen hezkuntza eskaintzaren barruan ikastetxea aukeratzeko eskubidea errespetatzea». Xedea hauxe izango da: egungo eskolatze eredua «pixkanaka» eraldatzea eta ikastetxe jakin batzuetan «ikasle zaurgarrien kontzentrazioa saihestea».
Bide horretatik, ikastetxe publiko eta itunpeko guztietan ikasleak onartzeko prozedura bakarra jarriko dute martxan. Udalak «lankidetzan» arituko dira matrikulazio prozesuan. Udal Hezkuntza Kontseiluak ere sortu ahal izango dira, ikasleak eskolatzeko irizpideen inguruan kontsulta egiteko.
Argi mintzo da neskak edo mutilak soilik onartzen dituzten ikastetxeen inguruan: «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikastetxeetan ez da sexu bereizketarik onartuko». Alegia, testuaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan neskentzat edo mutilentzat dauden sei ikastetxeek ezingo dute diru publikorik jaso.
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa
Zirriborroan, azaldu dute «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa» ikastetxe publikoen nahiz itunpeko ikastetxe pribatuen bidez emango dutela. Batetik, ikastetxe publikoez mintzo da testua: «Euskal hezkuntza sistema, funtsean, dagoen ikastetxe publikoen sarean oinarrituko da eta, beharren arabera, etorkizunean sor daitekeen sarean». Testuarena arabera, Hezkuntza Sailak hezkuntza eskaintza programatuko du, leku publiko nahikoa badaudela bermatzeko, batez ere biztanleria berria dagoen lekuetan.
Bestetik, itunpeko ikastetxeak ere egongo dira, eta diru publiko gehiago jasoko dute: «Derrigorrezko irakaskuntzak ematen dituzten itunpeko ikastetxeak euskal hezkuntza sistemaren parte izango dira, eta osorik finantzatuko dira irakaskuntza horiei dagokienez». Trukean, ezingo dute kuotarik kobratu: «Derrigorrezko doako irakaskuntzetan, eta arrazoi sozioekonomikoengatik bereizkeriarik gerta ez dadin, funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeek ezin izango dute doan emandako irakaskuntzengatik familietatik datorren inolako funts edo diru kopururik jaso, eta, era berean, zentro horiek ezin izango dute fundazio edo elkarteei kuotak edo ekarpenak egiteko betebeharrik ezarri, ezta irakaskuntzei lotutako nahitaezko zerbitzurik ezarri ere, baldin eta finantzaketa publikoaren xede diren zerbitzu, prestazio edo esparru materialei eragiten badiete». Ikastetxe horiek, halaber, hezkuntza legean eta dekretuetan jasoko diren baldintzak bete beharko dituzte, eta kontrolak egingo dizkiete: «Hala badagokio, ezartzen diren auditoretzak egingo zaizkie, eta baliabide publikoen erabileran izaera finalista ziurtatzea ahalbidetzen duten kontabilitate gardentasuneko arauak bete beharko dituzte».
Laikotasuna
Hauxe zihoen laikotasunari buruz apirilean lau alderdi nagusiek sinatutako akordioak: «Euskal Hezkuntza Sistema laikoa da. Lege organikoak ezarritako gutxienekoa izango da ikastetxeek Erlijio ikasgaiari eskaini diezazkioketen gehienekoa eta doktrinamendurik ez dela izango bermatuko dute». Orain, ordea, ez dute hain baieztapen argirik egin. Hezkuntza sistemaren helburuetako bat hauxe dela esan dute: «Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetako irakaskuntzen laikotasunean oinarritutako hezkuntza eredua garatzea, itunpeko ikastetxe pribatuen berezko izaera errespetatuz».